Zubimusu Ikastolaren jangelako eredua, nazioarteko Service Design Awards sarietan finalista suertatu da

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2017ko aza. 3a, 11:32

Zubimusu Ikastolari jangelako zerbitzua ematen dio Askora enpresaren Mahi-Mahi proiektua da nazioarteko Service Design Awards sarietan finalista suertatu diren 14 proiektuetako bat.

Zubimusu Ikastolak, jangelako zerbitzua ematen dion Askora enpresarekin elkarlanean, jangelako eredu berritzaile bat ezarri du ikasturte honetan. Egitasmoaren helburua da “umeentzat espazio bat sortzea non modu osasuntsuan jateaz gain, esperientzia dibertigarria eta hezitzailea biziko duten. Pertsonetan oinarritutako jangela”, diote Askorako arduradunek.

Eredu berri hau martxan jartzeak lana egiteko modua aldarazi du eta haurren beharretara  egokitu behar izan dira espazioak. Elikaduraz gain, Mahi-Mahik hainbat alderdi jorratzen ditu: umeak nola sentitzen diren momentu ezberdinetan, nola aprobetxatu jatordu garaia baloreetan hezitzeko eta euren autonomia garatzeko edota nola egokitu jangela.

Mahi-Mahi proiektua Apitropik agentziak garatu du Askorarentzat eta nazioarteko Service Design Awards sarietako finalistetako bat da, beste 13rekin batera. Izen handiko erakundeen proiektuekin lehiatuko da, esaterako, The Royal Bank of Scotland, Amsterdam Schipol Airport edota Maltako gobernua.
Zubimusu Ikastolako Mahi-Mahi jantokiak esperientzia zirraragarria eskaintzen die haurrei, euren rolen birplanteamendutik hasita. “Hemen ez dira jankideak soilik. Paper aktiboa hartzen dute. Mahaia jartzen laguntzen dute, janaria zerbitzatzen edota mahaia jasotzen bazkalostean”. Kontua da ikasleen eguerdiko esperientzia hobetzea.

Horretara iristeko, Zubimusu Ikastolak egin zuen lehenengo gauza izan zen haurrei, familiei, irakasleei eta jangelako langileei eskatzea euren jangela perfektua amesteko. “Familien kezka euren seme-alaben autonomia nola landu izan ohi da, eta nola ez, baita elikadura osasungarria eramatea ere. Langileek eta zentroko arduradunek, berriz, nagusiki, nahi izaten dute jangela hezkuntza planaren baitan integratua egotea”. Behin lan hori eginda, “estetikoki modernoa, lagunkoia, arduratsua eta umeen behar fisiko eta emozionaletara egokitutako jangela” diseinatzea lortu da.

 “Ikusi dugu –dio Ana Santamaria ikastolako zuzendariak- haurrak lasaiago daudela, zarata eta iskanbila asko murriztu dira eta bakoitzak funtzio bat duenez jarrera arduratsuagoa hartzen dute. Gure balorazioa oso positiboa da”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!