Zubimusuko ikasleak enpresa munduan estreinatu dira bi kooperatiba sortuz

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2017ko otsailaren 22a

DBH4ko ikasleak enpresa munduan murgildu dira. Ekonomiako ikasgaiaren baitan, proiektuka lan egiten dute eta aurten jarri zaien desafioa ez da makala. Kooperatiba bat sortzea, alegia.

Horretarako, mundu errealean negozio bat martxan jartzeko aintzat hartu beharreko alderdi guztiak aztertu behar izan dituzte. “Ahalik eta modurik errealenean egin dute lan. Enpresa sortu dute bere estatutuekin eta arduradunekin. Merkatu azterketak egin dituzte, konpetentzia zer egiten ari den ikusi, hornitzaileekin negoziatu, produktuak hautatu, katalogoak eta irudi korporatiboa landu… prozesu guzti horretan alor asko ukitzen dira eta gaitasunak garatzen laguntzen du”, dio Ekonomiako irakasle Nerea Zumeagak.

Material didaktikorik sobera ez eta, Asturiasko “Valnaloneduca” hezkuntza plataformarekin ari dira lanean eta egitasmoa EJE (Empresa Joven Europea) proiektuaren baitan sartzen da.

Hogei ikasleren artean, bi lantaldetan, bi kooperatiba sortu dituzte: Basque Product Business eta Zubifood. Elikagai-sektorea hautatu dute, bertako produktuetan jarriz fokua: txistorra, sagardoa, intxaurrak, zainzuriak, gazta… Eta maiatzetik aurrera astearteroko herriko azokan salgai jarriko dituzte produktuak. Aurretik, beste zentro batzuekin harreman komertzialak ere lortu dituzte eta produktuak inportatu eta esportatu egiten dituzte.

Errealitateik ez urruntzeko, ekimenaren helburua ekonomikoa ere bada. “Enpresa ikuspegia ezin zuten ahaztu. Irabazien %70 banatu egingo dute eta beste %30a herriko gobernuz kanpoko erakunde bati bideratuko zaio”. Ikasturte amaieran enpresa disolbatu egingo dute.

Jakinekoa da enpresa bat martxan jartzeak inbertsio ekonomikoa eskatzen duela. Kooperatiba bietarako bazkideak lortzeko, informazio bilera egin dute Mintzolan. Irakasleak eta gurasoak gonbidatu dituzte. 10 euroren truke bazkide laguntzaile izatea eskaini diete, proiektuak xehetasun osoz aurkeztu ostean.

Nerea Zumeagaren esanetan, proiektu honen bidez konpetentziak lantzea da helburua. Komunikaziorako, gizarte harremanetarako, elkarbizitzarako eta ekintzailetasunerako gaitasunak lantzea, matematikarako edo teknologiarako konpetentziak garatzearekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!