Jardunaldi Pedagogikoak antolatu ditu Zubimusuk

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2017ko urtarrilaren 10a

Zubimusu Ikastolak antolaturiko Jardunaldi Pedagogikoek Zizurkilgo ikastolan martxan jarritako Konfiantzaren Pedagogia deitzen den eredua eta haur masajeak dakartzan onurak ezagutzeko eta ikusteko parada ematen dute.

Horretarako, Konfiantzaren Pedagogiaz arituko da Amaia Antero urtarrilaren 17an, arratsaldeko 18:00etan, Mintzolan eskainiko duen hitzaldian. Antero Arizmendi ikastolako berrikuntza pedagogikoko zuzendaria da eta bera da Arizmendik kaleratu berri duen “Konfiantzaren Pedagogia” liburuaren egile nagusia.

Ikastolen elkartearen aldizkarian egindako elkarrizketan Konfiantzaren Pedagogia “pertsona ulertzeko eta begiratzeko modu jakin batetik abiatzen den esku hartze mota jakin bat” bezala deskribatzen du. “Guk pertsona beteta ikusten dugu: gaitasunez beteta, zailtasunez beteta, beharrez eta ametsez beteta. Klabea da hori. Sinesten dugu pertsonak bere baitan duela behar duen guztia bere burua garatzeko eta zoriontsu izateko. Eta gure hezitzaile egitekoa da horretan bide-lagun izatea”.

Hitzaldiaz gain, Zubimusu ikastolak haur masaje saioa antolatu du 0 eta 3 urte bitarteko umeentzat. Urtarrilaren 18an izango da Villabonako kultur etxean 10:00etatik 12:00etara, Nerea Mendizabal psikopedagogo eta haur masaje hezitzailearen zuzendaritzapean. Saioan gurasoei haurrei masajea nola eman irakatsiko zaie, ukimena emozioekin uztartuz. “Haurrek beraien sentsazioak emozioetan bihurtzen dituzte eta horrela munduari buruzko beraien inpresio edo usteak egiten dituzte”, dio Mendizabalek.

Izen-ematea doakoa da eta zabalik dago interesa duen ororentzat. Zubimusu ikastolaren web orriaren bidez edo 943 69 23 21 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena.

Kiva proiektua aurkezteko saioak

Bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa da KiVa eta martxan jarri du hainbat ikasgeletan Ikastolen Elkarteak. Villabonan proiektuari buruzko bilerak egingo dituzte martxoaren 11n eta 12an Subijana etxean. 18:00etan hasiko dira saioak, asteazkenean euskaraz eta ostegunean gaztelaniaz.

Ikastolaren inaugurazioa

Pagamuño auzoko ikastolan egin diren lanak amaitu ondoren, inaugurazio ekitaldia egingo dute larunbatean, urtarrilak 14, 12:00etatik aurrera. Herritar guztiak gonbidatu ditu Zubimusu ikastolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!