Zubimusu ikastolak Urrezko Bikain 
Ziurtagiria lortu du

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2016ko abenduaren 26a

Bikain Ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskararen Kalitate Ziurtagiri Ofiziala da, eta erakunde baten euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak Villabonako Zubimusu ikastola saritu du “Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria” sariarekin. Urrezko ziurtagiria jaso du Zubimusuk, erakundearen komunikazioan eta irudi korporatiboan, eta kanpo zein barne harremanetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa goi mailakoa izateagatik. Ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da Bikain. 

18 arlo neurtzen dira
Bikain ziurtagiria lortzeko 18 arlotan euskararen erabilera nolakoa den neurtzen du Eusko Jaurlaritzak: harreran, bezeroekin  eta hornitzaileekin izandako harremanetan, eskaintzen duten zerbitzuan, administrazioan, enpresaren edo erakundearen estrategian eta kudeaketan, giza baliabideetan…

Ebaluazio taldeak arlo horietan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa neurtzen ditu, enpresa eta erakunde bakoitzaren puntu gorenak eta ahulak identifikatu eta aurrera egiteko praktika egokiak aholkatuz. Aurten, azaroaren 16tik 24ra bitartean egin ditu Jaurlaritzak Bikain ziurtagirien kanpo ebaluazioak.

Aurten, orotara, jarduera ekonomiko desberdinetako 52 erakundek jaso dute ziurtagiria: 19 entitatek urrezko ziurtagiria, 22k tartekoa den zilarrezko ziurtagiria eta beste 11k oinarrizko mailari dagokiona.

Aste honetan izan da Ana Santamaria zuzendaria ziurtagirien banaketa ekitaldian, Donostiako Kursaal jauregian. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariarekin batera, bertan izan ziren enpresa, politika eta gainerako gizarte sektoreetako hainbat ordezkari ere. Guztira 400 pertsona inguruk parte hartu du Euskararen Kalitate Ziurtagirien 9. edizioaren sari banaketan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!