Zubimusu Ikastolak informazio bilera deitu du Zizurkilen 0-2 urte bitartekoentzat ezarriko duen eskaintza berriari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2016ko ekainaren 16a

Ekainak 20, astelehena, 18:00etan, Plazida Otaño liburutegian.

Zubimusu Ikastola bere hezkuntza eskaintza zabaltzera doa 0 eta 2 urteko adin tartea barneratuz. Zizurkilen ezarriko da eskaintza berria 2016-17 ikasturtean, irailetik aurrera, alegia. Horretaz gain, eraikinean berrikuntza garrantzitsuak egingo dira udako hilabeteetan zehar. Barrukaldea guztiz berrituko da martxan jarriko den eredu pegagogikoari hobetoen egokitzen zaion ekipamendua izan dezaten haurrek ikasturteari hasiera emateko.

Guzti horretaz informazioa zabaltzeko, hau da, eskaintza berriaz, ereduaz eta egingo diren obrez, bilera deitu du Zubimusu Ikastolak. Deialdia bereziki seme-alabak nora eraman erabakitzea tokatzen zaien gurasoei zuzendua dago. Hitzordua astelehenean izango da, ekainaren 20an, 18:00etan, Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian.

Eraikina berritzeko obrak

Zubimusu Ikastolak apustu handia egin du Zizurkilen zerbitzua zabaltzearekin. Umeen oporrak aprobetxatuko dira Zizurkilgo eraikinean aurreikusitako lanak exekutatzeko. Oporrak hartu orduko hasiko dira lanean.

Esku-hartzeei dagokienez, teilatua berrituko da eta lehio guztiak aldatuko dira, aluminiozkoak ipiniz. Eraikinaren barrukaldean zoru erradiatzailea jarriko da eta LED bidezko argiztapena. Espazioaren banaketa ere guztiz aldatuko da. Egungo hormak bota eta gune irekiak eraikiko dira. Konfiantzaren Pedagogia deritzan ereduaren ezarpenak eskatzen dituen irizpideetan oinarrituko da barruko diseinua, jolaserako guneak, adin ezberdinetako haurrentzat eremu irekiak, e.a. Helburua da haurrengan konfiantza sortuko duen ingurunea izatea, etxeko giroarekin antzekotasuna bilatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!