Eskeltzu inguruan parke eolikoa jartzeko ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2022ko otsailaren 25a

Eskeltzu inguruan parke eolikoa jartzeko eskaera egin du enpresa batek. Atzoko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen baimen eskaera horren berri.

"Green Capital Development XLIV SLU" izeneko enpresak bideratu du eskaera. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarkiak ohartarazten duenez, 4 aerosorgailu eraikitzeko eskatu du aipatu aurretiazko administrazio-baimena. Horietako 3, Zizurkilgo lursailetan egongo lirateke, eta beste bat Usurbilgo sailetan. Guztiak ere, Eskeltzu eta Andatza inguruan.

Zizurkilgo Udalak enpresa honen asmoaren berri izan zuen duela hilabete inguru. Ekimenaren berri jaso bezain laster, bilera deitu zuen Eskaltzu-gain elkarteko kideekin, Udalaren esku zegoen informazioa emateko.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean enpresak egindako baimen eskaera argitaratu zen atzo eta hogei eguneko tartea zabaldu zen konkurrentzirako. Hogei egun horiek igaro ondoren jakingo da proiektuak zein forma hartzen duen. Bitartean, udaleko teknikariak txostenak prestatzen ari dira, proiektuari alegazioak aurkezteko.

Proiektuaren inguruko informazio gehiago jaso ahala, batzarrak deituko ditu Udalak, herritarrak uneoro jakinaren gainean egon daitezen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!