Ekitaldiz betetako asteburua Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2021eko azaroaren 17a

Ekitaldiz betetako asteburua Zizurkilen
Ekitaldiz betetako asteburua Zizurkilen

Larunbatean, azaroaren 20an, Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da, arratsaldeko 18:00etan, Zizurkilgo Intxaur frontoian. Eta, harriarekin jarraituz, "Bertsoaren harria" gozatzeko aukera izango dugu, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean, iluntzeko 19:30ean.

Iñigo Eizagirre, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Aimar Irigoyen eta Jon Unanue neurtuko dira Intxaur pilotalekuan. Gipuzkoako Harri Handien txapelketa izango dute jokoan. Lau harri handi izango dituzte aurrean: 200/175 kiloko laukizuzena, 200/175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Ikuskizun ederraz gozatzeko aukera izango dute zaletuek.

Harria eta herria lotuta zeudela erakutsi zigun Gabriel Arestik bere garaian, eta Zizurkilen ere horrelaxe utziko dute agerian asteburuan. Harrijasotze saioa amaituta, "Bertsoaren harria" izango da, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean, iluntzeko 19:30ean. Koldo Izagirrek liburua idatzi du herrietako plazetan bertsolarien omenez jarrita dauden bustoei buruz, eta lan hori aurkeztuko du emanaldian.

Horrez gain, Anjel Mari Peñagarikano eta Maialen Akizu bertsolariek bertsoak kantatuko dituzte gai horren gainean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!