Ekitaldiz betetako asteburua dakar Maiatza Saltsan ekimenak

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2021ko mai. 14a, 10:55

Maiatza Saltsan ekimena aurrera doa, eta asteburu honetan hainbat plan egiteko aukera eskainiko digu. Animatu eta zatoz gozatzera!

Ostiral arratsaldean jarriko da martxan asteburuko egitaraua. Maiatzeko ostiral guztietan bezala, bizikleta tailerra egingo dute bihar arratsaldean, 18:30etatik aurrera. Balaztak aztertuko dituzte biharko saioan. Izena emateko, Udal bulegoetara jo behar da eta tailer bakoitzeko izen ematea 5 eurokoa izango da.

Larunbatean berriz, maiatzak 15, Villabona aldeko mugarriak ezagutzeko irteera egingo dute, Teodoro Hernandorena taldeko kideek antolatuta. Joan zen maiatzaren 2an Usurbil aldeko mugarriak ikusteko ibilaldi ederra egiteko aukera eskaini zuten eta oraingoan, Villabona aldeko mugarrietan barrena ibiliko dira. Adin guztietako herritarrei zuzendutako irteera da larunbatekoa, gozatzeko modukoa. Duela aste gutxi bistarazitako Laumugarrietako mugarria bisitatuko da, besteak beste. 10:30etan abiatuko dira ibiltariak, Joxe Arregi plazatik.

Larunbatean, bestalde, San Isidro eguna ospatuko da. Aurtengo egoerak ez du ekitaldi berezirik antolatzea baimentzen, baina Udalak herriko baserritar guztiak zoriondu nahi ditu.

Igandean, Zizurkilgo haur eta gaztetxoei zuzendutako Biatloia egingo da. XXI. edizioa izango da aurtengoa. Haur Hezkuntzako haurrek herrigunean bertan izango dute korrika nahiz bizikletaz egiteko ibilbidea. Lehen Hezkuntzakoak herrigunean arituko dira, baina Agerre baserriko itzulia ere egingo dute. 11:00etan hasiko da Biatloia, eta amaieran, pintxo goxoa dastatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek eta opariren bat ere jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!