Gernikako zuhaitzaren kimua jarriko da Zizurkilgo P. M. Otaño plazan

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2018ko otsailaren 23a

Bi ekimen antolatu dira gaiari lotuta, datorren asterako.

2016ko abuztuan boto bidez herritarrek haritza jartzea erabaki zuten P. M. Otaño plaza berrituan. Joan den udan plazan lanak egin baziren ere, haritza aldatzeko garai egokienera itxaron da eta orain egingo da landaketa. "Haritza aukeratuta, Gernikako haritzaren kimu bat izatea egokia iruditu zitzaigun, euskaldunontzat duen esanahiagatik", azaldu du Aitor Sarasua ingurumen zinegotziak. Zuhaitz berriaren harira bi ekimen egingo dira.

Martxoak 1, osteguna: Zuhaitza landatuko da eta eguerdiko 12:00etan harrera instituzionala egingo zaie Gernikako juntetxeko arduradunei. Zizurkilgo Udaleko eta juntetxeko arduradunek elkarlana irudikatuko dute azken palakadak emanez.

Martxoak 3, larunbata: "Memoria, sustraitetatik kimuetara" ekitaldia egingo da 12:30etan. Teodoro Hernandorena kultur elkartea eta Zizurkilgo Udala elkarlanean lantzen ari diren ekitaldia da. Gernikako haritzaren sinbolismoa baliatuz, aitortza ekitaldi bat izan nahi du ekitaldiak. Hitzaldiak, musika eta poesia tartekatuko dira besteak beste, memoriadun herri bat aldarrikatzeko. Hernandorena kultur elkarteak Gernikako arbolaren inguruko argitalpen berezia ere kaleratu du. Kultur elkarteak eta Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte ekitaldira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!