Ikusgai da GazteArt proiektuko artistek sortutako lanen erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2017ko urriaren 16a

Azaroaren 6ra bitartean ikusi ahal izango da, Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko erakusketa-gunean.

Urriaren 15ean amaitu da GazteArt proiektuan parte hartu duten 23 artista gazteek Gipuzkoan egin duten egonaldia. Bertan, hainbat diziplinatako tailerrak jaso dituzte: argazkigintza tailerra Azpeitian, Jon Andoni Martinen eskutik; papergintza-tailerra Alkizako Urmara museoan, Koldobika Jauregiren eskutik; eta, azkenik, azaleztatze-tailerra Maria Altuna artista zizurkildarraren eskutik. Horrez gain, hainbat gune sortzaile bisitatzeko aukera izan dute: Alkizako Urmara museoa, Bilboko BilboArt eremua eta Azpeitiko Dinamoa.

GazteArt proiektua, baina, ez da oraindik bukatu. Hain zuzen, bigarren txanda izango du abenduaren 5etik 11ra bitartean. Orduan, gazte gipuzkoarrak Napolira joango dira, hango artista gazteekin batera Napoli inguruko gune sortzaileak ezagutzera eta elkarlanean arte-tailerrak egitera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!