Urriaren 6an aurkeztuko da Gerra Zibilaren inguruko liburua

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2016ko urr. 3a, 14:16

Aiztondon izan zen gerra zibileko defentsa sistema azaltzen du liburuak. Saseta defentsa sistema izeneko liburuak jasotzen du Kandido Saseta buru zuen bataloiak faxisten aurka Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo mendietan egindako erresistentzia armatua. Aranzadiko kide diren Karlos Almorza eta Javi Buces dira egileak. 

Proiektu hau duela hiru urte hasi zen mamitzen hiru herrietako Udalen bultzadaz. Josu Amibilia, Pili Legarra eta Joxe Mari Luengo alkateek azaldu dute. “Duela hiru urte, Adunak, Asteasuko eta Zizurkilgo udalek memoria historikoa berreskuratzeko lan egiteko erabakia hartu genuen. Bere historiaren iragan gertukoena ezagutzea zuen horrek helburu; hamarkada askoan, diktadura frankista eta trantsizio izeneko ahanztura kalkulatua ezkutatzen saiatu ziren iragan hura”

Aranzadikoen lana

Aranzadiren lana funtsezkoa izan da bide honetan. “2013. urtetik, Aranzadi Zientzia Elkartearen talde teknikoari eta hamarka gazte boluntariori esker, gure udalerrietako inguruko mendietan, faxismoaren aurkako euskal erresistentziarekin lotutako lubakiak berreskuratzen aritu gara. Candido Saseta hondarribiarrak sortu zuen defentsa sistema da.Askok ezagutzen genituen, besteak beste, Intxortan edo Larrabetzuko eta Lemoako borroketan jazotako gertaerak. Dena den, orain arte, euskaldunok ez dugu ezagutu herrikide haien balentria; ia armarik gabe, Oria ibaiaren ezkerraldean milaka militar kolpistek eta paramilitar ultraeskuindarrek aurrera egitea 34 egunez geldiaraztea lortu zuten”.

Hain zuen gertakari horiek azaleratuko ditu Almortzaren liburuak. Urriaren 6an aurkeztuko da, 19:00etan Zizurkilgo Udaletxeko pleno aretoan izango da aurkezpena. Hala diote hiru alkateek. “Gure aitona-amonak oroitu nahi ditugu: borroka egin eta ondorengo diktadura frankista jasan zuten haiek. Hau da, gerra galdu ostean, lubakiez harago, etxeko bakardadean, eusteko gai izan ziren haiek. Umiliatu eta isilarazi egin zituzten haiek, baina inoiz memoria kentzea lortu ez zuten haiek”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!