XII. Villabona-Aduna-Asteasu-Zizurkil Txirrindularitza Sari Nagusia uztailaren 17an korrituko da

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2016ko uztailaren 14a

Arratsaldeko 15:30ean abiatuko dira kadeteak Villabonako Hiru Aldeta paretik, eta bi aldiz igoko dira Zizurkil Goiko herrigunera, 30,06 kilometroko ibilbidea osatuz. Pasus jatetxearen parean amaituko dute lasterketa.

Ondoren, 16:30ean aterako dira junior eta elite mailako txirrindulariak. 90 kilometroko ibilbidea egin beharko dute eliteek, eta 78,9 kilometrokoa junior kategoriakoek. 8 aldiz igoko dira Zizurkil Goiko herrigunera, eta azken itzulian, gainera, Adunara igoko dira.

Partaidetza handia espero da, eta maila handikoa, gainera. Hain zuzen, izena emandakoen tartean dago Marianne Vos txirrindulari alemaniarra, 12 aldiz munduko txapeldun izandakoa. Tartean izango da, halaber, bailarako ordezkari bat: Izarne Maioz asteasuarra. Aiztondo bailarako udal-ordezkariek lasterketa iragartzeko egindako agerraldian horixe azpimarratu dute: bailarako partaidetza ikusirik, argi dagoela harrobia sortzen ari dela Txirrindularitza Sari Nagusi hau.

Berrikuntza gisa, aurten, gainera, Emakumeen Espainiako Kopa 2016 txapelketaren egutegian sartu da. Hori dela eta, proba honetako hiru kategoriek (kadete, junior eta eliteek) puntuak lortuko dituzte Espainiako Koparako, Gipuzkoako Txapelketarako eta Euskaldun Txapelketarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!