LUR-etik, -era, -erako, erraustegiaren aurkako kultur ekitaldia, Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2016ko ekainaren 14a

Ekainaren 18an izango da, larunbatean, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan.

Arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bitartean, birziklapen-tailerrak egingo dira, etxeko txikitxoenei eta gaztetxoei zuzenduta. Hainbat material berrerabiltzeko ideiak emango dituzte, eskulan didaktiko batzuen bidez.

Ondoren, 19:00etatik aurrera, ekitaldi nagusia izango da. Bertan parte hartuko dute herriko hainbat elkartetako kideek zein banakakoek; besteak beste, Loatzo musika eskolak, Bukalai dantza taldeak eta sabel dantzako kideek emanaldia eskainiko dute.

Baina ez da izango arratsaldeko ekitaldi bakarra; izan ere, musika, umorea, poesia musikatua, ikuskizuna eta bertsolariak ere protagonista izango dira.

Antzerkiak ere lekua izango du, egun horretarako bereziki prestatutako emanaldi bat antzeztuko baita.

Gaiari lotutako mural bat ere egingo da, egun horren lekuko gisa geratzeko, eta herritarrei gogorarazteko zenbateko garrantzia duen lurra zaintzeak. Izan ere, ekitaldiaren izenburuak dioen bezala, “LUR –etik, -era, -erako”, Lurra da gure ama, Lurra da gure alaba, eta zain dezagun merezi duen bezala.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!