Hasi da bidea urratzen Plazida Otaño Aiztondoko liburutegia

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2016ko apirilaren 27a

Apirilaren 23an ireki zituen ateak liburutegi berriak, eta jende asko bildu zuen inaugurazio-ekitaldiak. Bertan izan ziren, besteak beste, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Larraulgo udal-ordezkariak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko oraingo eta aurreko kideak ere.

Horiekin batera izan ziren bailarako artistak, idazleak, musikariak, Zizurkilgo eta bailarako herrietako elkarteetako ordezkariak, bai eta bailarako herritarrak ere. Hain zuzen, horien guztien partaidetza eta inplikazioa ezinbestekoa izan da proiektua aurrera ateratzeko, eta udal-ordezkariek esker oneko hitzak izan zituzten beraientzat.

Bideari ekin dio, hortaz, liburutegiak, eta lehen geltokia apirilaren 23an bertan estreinatutako erakusketa bat izango da, Maria Altuna Lizarraga artista zizurkildarraren erakusketa, hain zuzen. Liburutegiekin eta literatura-munduarekin lotutako lanak zintzilikatu ditu erakusketa-gunean, eta nahi duen orok aukera izango du maiatzaren 20ra bitartean erakusketa ikusteko, astelehenetik ostiralera goizez eta arratsaldez, eta larunbat goizetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!