Herritar talde batek sinadura-bilketa jarri du martxan Zizurkilen kutxazaina jartzeko eskatuz

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2016ko ots. 10a, 13:29

Kutxabankek Zizurkilen zuen kutxazain bakarra kendu zuen 2016ko urtarrilaren 29an.

Erabakiak haserrea, kezka eta egonezina eragin du herritarren artean. Horren adibide, herritar talde batek eta herriko komertzioetako arduradunek martxan jarri duten firma bilketa da, ostera ere Zizurkilen kutxazaina jartzeko eskatuz. Udalak ekimena martxan jarri duten herritarrekin adostu du, otsailaren 22ra arte egongo dela sinatzeko aukera.

Zizurkilgo Udala, bere aldetik, Kutxabanken erabakia salatzeaz gain, neurriak hartzen ari da. Alkatea telefonoz bezala aurrez aurre egon da Kutxabankeko ordezkariekin. Kutxazaina kendu izanak herriko komertzioan izango dituen ondorio kaltegarrien berri eman eta erabakia aldez aurretik jakinarazi gabe hartu izanak sortutako haserrea helarazi die Joxe Mari Luengok. Batzar horietan Udal ordezkariek ondorengo egunetan kutxazaina berkokatzeko alternatiba bat aurkezteko konpromisoa hartu zuten, formalki aste honetan egingo dena. Proposamen horrek erantzun baikorra izan ezean, edota hilabete honetan Kutxabankekin adostasun batera iristea lortzen ez bada, Udalak aurreikusita dituen hainbat neurri hartuko ditu otsailaren 22ko udalbatzan onartuko direnak.

Bide berean, herritarrei kutxazaina eskatzen jarraitzera animatzen ditu udal gobernuak, eta horretarako modurik egokiena Zizurkilgo denda eta tabernetan egiten ari diren firma bilketan parte hartzea da. Otsailaren 22ra arte egongo da sinatzeko aukera. Ondoren, Kutxabankera helaraziko dira sinadurak eta Udalbatzaren mozioa, beti ere, aldez aurretik adostasunik lortzen ez bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!