Zizurkilgo XIV. Blues Gaua otsailaren 13an izango da

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2016ko otsailaren 1a

22:30ean abiatuko da kontzertu-saioa, Pasus tabernan. Kataluniako Txus Blues & Jose Bluesfingers taldeak umorea eta bluesa uztartuko ditu bere emanaldian.

Oinarrizko azpiegitura du bikoteak: gitarra, aho-soinua eta ahotsa. Bluesetik abiatuta, era guztietako eraginek blaitutako errepertorioa erakusten digute.

23:45ean, Atxulondo tabernak hartuko dio lekukoa Pasus tabernari, Julian Maeso Blues Trio Madrilgo taldearen eskutik. Hammond organoaren maisua da Julian Maeso. Ibilbide luzeko musikaria da. Musika beltza barneratuta izanik, handik abiatuta 70eko hamarkadako blues musikara hurbiltzen da. Kantu berrietan, blues-rock, country, funk eta jazz-doinuak entzun ditzakegu.

01:00etan, Egarri tabernan amaituko da XIV. Blues Gaua, Galiziako Dixie Town taldearen eskutik. Hirurogeita hamargarren urteetako soinua ateratzen duen taldea da Dixie Town, hard blues eta musika psikodelikoa egiten duena. Zuzeneko gordina egiten dute, oso bluesy, ingelesez. Laukote indartsua da taula gainean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!