Asteburu bete-betea Zizurkilgo Kirol Astean

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2015eko abenduaren 11

Abenduaren 12an, hamabi orduz kirolean ekimena, eta abenduaren 13an, Zizurkilgo V. Pilota Txapelketako finalak

Kirol Astea bete-betean sartuta dago. Abenduaren 12an, larunbatean, kirolak ez du etenik izango egun osoan zehar; izan ere, 12 orduz kirolean jardungo dute. Txikienak hasiko dira aurrena, goizeko 10:00etan kirol eta jokoak izango baitituzte Intxaur frontoian. Ondoren, hamaiketakoa eta opari-banaketa izango dituzte.

12:00etan, Halterofiliako Eguberrietako Torneoa jokatuko da Intxaur frontoian.

Iluntzeko 20:00etan, Urrezko Aizkolarien Kopako finalaurrekoa jokatuko da. Bertan lehiatuko dira Joseba Otaegi zizurkildarra eta Juan Jose López Azpilikueta lezaundarra. 14 kana erdiko moztu beharko dituzte.

Ondoren, Urrezko Harrijasotze Txapelketa jokatuko da. Aurrez aurre ibiliko dira Izeta IV.a aiarra eta Urra zarauztarra. 100 kiloko kopa, 100 kiloko koadroa eta 100 kiloko bola altxatu beharko dituzte.

Gaueko 22:00etan, XIX. Gau Krosa korrituko da. 2002tik aurrera jaiotakoak aterako dira aurrena, 1 kilometroko ibilbidea egiteko. Ondoren, 22:30ean, helduen txanda izango da.

Azkenik, abenduaren 13an itxiko ditu ateak Kirol Asteak, Zizurkilgo V. Pilota Txapelketako finalekin. Goizeko 10:00etan hasiko dira partidak, Intxaur frontoian. Zizurkilgo Ziotza pilota eskolak antolatutako txapelketa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!