Zizurkilgo EAJ udal taldeak irregulartasun larria salatu du, Zizurkilgo Udalaren inpartzialtasuna eta gardentasun eta legezkotasunarekiko konpromisoa zalantzan jartzen dituena. Udalaren eta EH Bilduren erantzunak argitaratu ondoren, bi oharren edukia ia berdina dela egiaztatu dute, eta horrek iradokitzen du udalak EH Bilduk idatzitako komunikatu bat erabili duela EAJk zinegotziei egindako ordainketen inguruan egindako kritikei erantzuteko.
Udalaren erantzunak gertatutakoari buruzko azalpen instituzional eta objektibo bat izan beharko zukeen, baina ikusi daitekeena da EH Bilduren tonuari eta edukiari zintzo jarraitzen dion erreplika bat. Komunikazio publikoan independentzia falta horrek udalerriko baliabideen erabilera desegokia islatzen du, alderdi politiko bati mesede eginez, Zizurkilgo herritar guztien interesei lagundu beharrean.
«Onartezina da udalak hitz berberak, argudio berberak eta alderdi politiko baten defentsa bera erabiltzea, erantzun instituzional inpartziala eman beharrean. Tokiko gobernuaren funtzioa desitxuratzeaz gain, herritarrek bere ordezkariengan jartzen duten konfiantza ere urratzen ari da», adierazi du Maije Zelaia EAJko bozeramaileak.
Alderdi politiko bati esplizituki mesede egiten dion eta gertakarien azterketa independente eta serioa islatzen ez duen erantzuna erabiltzea botere-abusua eta herritarrekiko errespetu falta da. Udalaren baliabideak ez dira erabili behar interes alderdikoiak defendatzeko, baizik eta kudeaketa gardena, zintzoa eta guztion ondasunera bideratua bermatzeko.
«Udal gobernuak pauso hori nola eman den argitzea eskatzen dugu, zergatik erabili den EH Bilduren testu bat udalaren izenean erantzuteko, eta administrazio publikoarekiko konfiantza ahultzen duen praktika hori zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea», gaineratu du Zelaiak.
EAJtik gogoratzen dugu udalak independentziaz eta objektibotasunez jokatzeko ardura duela, beti ere interes orokorra bermatuz, alderdikerietan erori gabe eta alderdi politiko bat defendatzeko baliabide publikoak erabili gabe. «Gardentasunarekiko, inpartzialtasunarekiko eta legezkotasunarekiko konpromisoa nagusitu behar da une oro», amaitu du Zelaiak.

