Ideia zaharrak, begi berriak

Erabiltzailearen aurpegia Yurre Ugarte 2018ko urr. 21a, 09:42

Ba al daki inork Lezo Urreiztieta nor zen? Martin Ugalderen liburua irakurri zutenez gain, seguruenik, inor gutxik. Zorionez, Josu Martinezek zuzendu duen film dokumentalak, Jainkoak ez dit barkatzen, existitu zen baina ia fikziozkoa dirudien pertsonaia bat berreskuratu du; halakoxea baitzen Lezo Urreiztieta (1907-1981) Santurtziko kontrabandista eta ekintzaile abertzalea; geruza askotako, ia heroien pareko.

Ez dira harritzekoak, ez, Martinezek, dokumentalaren estreinaldiaren harira, elkarrizketa batean esandako hitz hauek: «AEBetan jaio izan balitz, ez dakit zenbat film egingo ziratekeen Lezo Urreiztietaz». Pertsonaia askoz ere kaxkarragoetan oinarrituta egin izan dituzte AEBetan film edota telesailak, kontatuta dauden moduagatik sinesgarri eta gertuko egiten zaizkigunak. Lokala unibertsal bihurtzen maisuak dira. Eta beren ikus entzunezko produktuek mundu mailako banaketa eta hedapena daukate, jakina.

Euskal zinemagintza urrats esanguratsuak egiten ari den garaiotan (Lasa eta Zabala, Handia, Amama, Oreina, Black is beltza, besteak beste) eta telebista plataforma/kateek ehunka telesail eskaintzen dizkiguten honetan, ordea, paradoxikoki, euskaraz eginiko telesailak desagertu dira. Zer kontatu ez bagenu bezala, edo, okerrago, gurean gidoilaririk ez balego bezala.

Tira, eta zer kontatzen digute telesail anglosaxoi arrakastatsuek?

Burdinezko Tronua lortzeko borroka dinastiko bortitzak. Duela hamar urte egindako droga delitu batengatik atxilotu duten Connecticuteko emakume-exekutiboaren kartzelako bizitza: lesbianismoa, AEBtako espetxe-sistema, sexu errepresioa, poliziaren ustelkeria, botere nagusikeria umore eta dramaren artean. Fisikan doktoreak diren bi gizonezkok arazoak dituzte besteekin erlazionatzerakoan, batez ere neskekin. Hogeitaka urteko neska talde baten bizitza profesionala eta sentimentalaren nondik norakoak New Yorken. Gazte barnerakoi batek egunez segurtasun teknikari lanak egiten ditu enpresa informatiko batean, eta gauez, berriz, justizia zale zibernetiko bihurtuta, trama ilun batean murgildu da. New Yorkeko gobernadoreak luxuzko prostituta batekin izandako eskandalu sexualarengatik kargua galtzen duenekoa. Goi klaseko judutar enpresari baten emazteak monologo aktore bilakatu nahi du. Aita batek emakume transexuala dela jakinarazi dio bere familiari.

Asmamen ariketa bat eginez, eta euskal errealitatea abiapuntu edo inspirazio iturri hartuta, balizko telesailetarako argumentuen azaleko zerrenda bat egin genezake, burua gehiegi hautsi gabe, bat-batean:

Gaztetxe edo gune okupatu batean kokaturiko eguneroko telesail bat. AHT-aren eraikuntzak eragindako drama(k). Oinaztarren eta ganboatarren arteko leinu gerrak XIV. mendean. Erraustegiaren gaia fondoan duen thriller politikoa. Ignacio Lopez de Arriortua, Volkswagengo ingeniaria izan zenaren bizitzan oinarrituriko telesail bat. 'Faisan' delako kasuari buruzkoa. Bilboko portuko garraiolarien bizitzetan oinarrituriko istorioak. Filologoen bizitza sexualean sakontzen duen umorezko saioa. Kuadrilla baten dekonstrukzio postmodernoa. Inditex taldeko dendetan saltzaile direnen amesgaiztoak.

Bai; gurean ere errealitateak ehunka ideia ematen dizkigu eta hemengo partikulartasunetik abiatuta unibertsaltasunera irits litezkeen telesailak landu daitezke.

Sarearen eta digitalizazioaren garaian bizi garela kontuan hartuta, alegia, zerbait grabatzea eta hedatzea inoiz baino errazagoa den egunotan, orain arte fikzio mailan egindako ildoari jarraipena eman behar lioke ETBk. Lezo Urreiztieta guztiak harrien azpitik atera. Ideia edota istorio zaharrak begi berriekin kontatu. Horixe baita beti erronka arlo guztietan, ideia zaharrei begi berriekin begiratzea, askotan guztia kontatua dagoela iruditu arren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!