Gure inauteriak ez ezagutzeko desgrazia daukan estralurtar bati nola esplikatuko dio tolosar batek Tolosako inauteria zer den? (estralurtar: Tolosako inauteriak bizi izan EZ dituen lurtar oro). Tira, hasteko, inauteriak gerturatzen diren heinean bihotza apurtzerainoko dilema dauka tolosar peto-petoak, inauteriak herrian ala herritik kanpo igarotzea erabaki behar baitu, aukera badu behintzat. Bertan geratzea erabakiz gero, edo ezinbestekoa izanez gero, hurrengo erabaki existentziala hartu behar du: mozorrotu ala txilaba (ala hil).
Bazabiltza urtean zehar mozorroa prestatzen kuadrillakoekin, edo bakar-bakarrik eta sekretupean, edo egunerokotasunean lanpetuta ostegun gizena heldu zaizu eta oraindik ez duzu erabaki aurtengo ditxosozko mozorroa. Beti baitago txilaba. Bo, ostegun eguerdian hasi zara txistorrak jaten eta ardoa edaten, badatoz txarangak eta lehenengo saltoak. Hala, saltoka-maltoka, osteguna amaitu duzu txistorra edaten eta ardoa jaten, ostiral mehe goizeko zerua auskalo ze koloretakoa ikusten. Larunbatarekin iritsi dira ‘probintzianoak’ herrira, karnabalaz tutik ere ez dakiten horiek (barkatu, Gipuzkoa; karnabalaz ari gara, ados?). Igandeko Dianarakoa behintzat, erabakita daukazu: bi astetan garbitu ez duzun pijama jantzita aterako zara, erruloak ilean eta pepinozko maskarilla aurpegian, txapinak oinetan eta txikitako hartzatxoa besapean.
Lanera eta toki guztietara beti berandu iristen zaren horietakoa zara, are goiztiar izateari gorroto diozu, baina, igandeko Dianara punttu-punttuan helduko zara. Gainera, pozez algaraka ekingo diozu «Jaiki jaiki ohe hortatik» oihukatzeari. Larunbateko gaupaseroak oherako bidean doazela, Dianakoak ikustean «Dianakoak friki batzuk dira» pentsatuko dute eta zuk zeuk, aldiz, pentsatuko duzu «Larunbat honetako gaupaseroak friki batzuk dira-nolatan ez datoz Dianara?». Venezian jada maskarak eta mozorro eleganteak jantzi dituzte; Donostiako desfilearen aurrean lokartu dira zientoka ikusle; Rio de Janeiroko egun handian bi miloi ipurdi mugitzen ari dira; zu zeu, inauteri igande bete-betean, oraindik pijaman eta hartzatxoarekin zabiltza. Hau ez da ez Lantzen, ez Zubietan ez eta Kanariar Uharteetan gertatzen. Kalean bapo gosaldu ostean, bazoaz etxera zure inauteriaren muina prestatzera.
Armairu batean badaukazu kartoizko kaxa erraldoi bat, non aurreko inauterietan jantzi dituzun guztiak gordetzen dituzun, hala nola aitonaren berokia, txinoetan erosi eta gero zuk tuneatutako hainbat mozorro, amonaren mantalak, gurasoen garaiko arropa afrusak, pierrot mozorroaren aldaera guztiak, arlekin desitxuratu bat, duela bi urte atera zenuten konpartsako margarita disfraza. Ordea, hara non, sukaldeko fregona begira ari zaizun… Zu hari begira hasi eta… ttak! Horixe da! Horixe izango da aurtengoa! Aitaren batean fregona bihurtuko zara, edo kaleetako pixaputzuak garbitzeari ekingo diozu Oria ibaiaren uraz egindako lixiba berezi batekin, edo burua fregonaren ontzian sartuta aterako zara, edo munduko fregatzailerik dotoreenaren gisan prestatuko zara, edo garbiketa enpresa bat eraikiko duzu Trianguloan, edo fregatzaileen sindikatu errukigabe eta iraultzaile bat sortuko duzu, batek daki. Nola edo hala, errealitatearen elementu domestiko batek inspiratuta egoera ezin fantastikoagoa sortuko duzu.
Errealitatea, paradoxikoki, oso presente baitago gure inauterietan. Teorian eguneroko errealitatetik urruntzeko mozorrotzen garen arren, aldi berean ez al gara ba beste (urruneko) errealitateak gertuago bizitzeko mozorrotzen? Hain hain gertu bizitzeko gu geu bilakatzeraino.
Kaleko eta gertuko baitira inauteriok. Espiritu horrek bultzatuta inbaditzen ditugu espaloiak eta asfaltoaren zentimetro guztiak. Galtzaundi birusak bizi gaitu eta harro gaude.
Batez ere, alai.
A, eta inauterietan bost axola zaigu estralurtarren mundua.