Iraultzarena

Erabiltzailearen aurpegia Yurre Ugarte 2016ko abe. 11a, 10:02

Ama hitz eta pitz ari da lagun batekin Fidel Castro hil berriaz. Alaba nerabeak entzun eta, bat-batean, bota du: zer da «iraultza», ama?... Ea nola demontre esplikatzen dion amak, XXI. mendean jaio den gizakiari, iraultza zer den.

Zerbait erantzutera behartuta, ahoa ireki du. Ordea, bururatu zaion guztia da egun bat lehenago bizitakoa, Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako egunaren karietara, hiriburuan egin zen manifestazioan parte hartu zuenean. Eta ahotik ez zaio fitsik atera.

Saltoki eta komertzio-guneen jabeek black friday ostirala izendatu zuten egun hartan bertan, bazegoen manifestazio jendetsuan emakume mordoa; andre kontzientziatuak, helduak eta gazteak, eta baita gizonezkoak ere. Hala ere, dendak, besteak beste, neska gaztetxoez lepo zeudela ikusi ahal izan zuen amak, black friday delakoaren beherapenak aprobetxatzen, arropa merkea erosi eta erosi. Hain zuzen ere, milaka emakumek lan ordu amaigabeetan soldata ezin kaskarragoen truke egindako arropa merke horiexek, amaigabeko lan orduetan soldata ezin merkeagoen truke, milaka (gizon eta emakume) dendarik saltzen dituzten arropa horiexek.

Soldata kaskar zein duineko jendeak etengabe erosten dituen arropak. Enpresa multinazional erraldoiek ezarritako baldintzetan sortu, saldu, publizitatu eta erositako arropak (edo dena delakoak). Arrapaladan datozkio pentsamenduak: agian alabari esan beharko lioke iraultza dela black friday egunean dendak hutsik eta manifestazioa gainezka egotea. «Bai zera, iraultza da jendeak Inditex eta antzeko mega-enpresa multinazionaletan lan egiteari uztea», erantzuten du amaren baitako ahots batek. Laster batean, ahots sakonago batek gehitzen du: «Iraultza da denda horietan lan egitera behartzen gaituzten bizi-egoerak desagertzea».

Azkenean, burutaziook hitz bihurtzen ausartu eta argi eta garbi ahoskatu du amak: «Iraultza izango litzateke, esate baterako, Amancio Ortega Inditexeko jabeak (eta bere kastakoek) daukan diru guztia langileen artean banatzea eta, gainera, hortik aurrera langileak esplotatzeari uztea. Edota emakumeen kontrako indarkeria bat-batean desagertuko balitz, horixe ere nolabaiteko iraultza litzateke». Amak hitz egiten bukatu duenean Fidel Castroren ahots erraustua entzun da: «Hori guztia borroka egin gabe lortzen bada, horixe bai iraultza».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!