Ederra da oso Lello liburu denda; eraikin neogotiko bat, erdian eskailera ikusgarria eta hormetan zurezko apalategi amaigabeak ditu, hain da ikusgarri munduko liburu denda ederrenen zerrendan hirugarrena kokatu zuela, antza, The Guardian egunkariak. Zurrumurru «ofizialen» arabera, JK Rowling idazlea Livraria Lellon inspiratu zen Harry Potterren Hogwartseko leku batzuk sortzeko. Egia izan ala ez, zurrumurru hau (ere) eraginkorra suertatu da. Egunero bi mila bisitari edo gehiago jasotzen baititu liburu dendak. Hala, 2015ean, 3-5 euroko sarrera kobratzea erabaki zuten liburu denda pribatu honetako jabeek. Eguneroko milaka bisitari horietatik oso gutxik erosten baitzuten libururik. Beraz, egun, Livraria Lellon sartzeko ordaindu egin behar da. Eta liburu bat erosten duenari sarrerako dirua deskontatzen diote. Lello liburu denda museo bihurtu dugu mundu osoko turistek. Liburuen PradoLouvre-Guggenheim antzeko bat. Behintzat argazkiak ateratzea debekatuta dago eta milaka Lello-selfie abortatu dira. Saihetsezinak ordea ukondoka dabiltzan turistek hizkuntza ezberdinetan esaten dituztenak: zein ederra, ooo, bai ikusgarria, bai liburu denda berezia, Hogwartsen antza dauka... Eta erostekotan, liburu dendari buruzko liburu gida bat erosten dute.
Zer dio liburu erosle harrituak? Barkatu, liburu bat erostera nator, axola ez bazaizu, utz nazazu bakean liburuen artean, isiltasunean kuxkuxeatzen, orduak hemen igarotzen. Gero liburu bat, edo bi, edo hiru erosiko baititut, eta ez gaur bakarrik, hurrengo hilean beste bat erosiko baitut, eta hurrengoan beste bi eta horrela, urteak joan eta urteak etorri. Edo: agian gaur ez dut bat ere ez erosiko, ordea, bai hurrengoan, edota hurrengo aldian.
Liburuaz, dendako aspaldiko benetako protagonistaz, zerbait esango al dugu? Liburu bat sortzen da irakurria izateko. Eta saltzen ez bada ere, lasai asko Lello bezalako liburu denda historikoetako apalategietan egonean egoteko. Harry Potterren idazleak, Porton bizi zelarik, nekez imajinatuko zuen Livraria Lellok inspiratzen zionak, besteak beste, handik hogei urtera, Lello tokia bera ikuskizun huts bihurtuko zuenik, paseatzeko pasillo bat besterik ez. Izan ere, nork pentsatuko zukeen literaturaren eragin komertzialak liburu denda baten antzutasuna ekarriko zuenik. Edo Lello bezalako liburu denda batek globalizazioari ezin iskin egin izango zionik. Saudadea darion ipuina. Harry Potterren makila magikoaren ukitu fatidikoa.