Garaiko alderdi politikoekin erlaziorik gabeko gazteak ginen; ekologistak, feministak, punkak eta abar, kultura ofizialak edota herriko bizitzak eskaintzen ez ziguna guk geuk egiteko eta sortzeko gogoa genuenak, espazio propio bat kudeatzeko aukera izan nahi genuenak. Batxurizarpa deituriko gizataldea osatu genuen, artean «gaztetxe» hitza sortzear. Etxe hartan bizpahiru aste iraun genuen, hain zuzen sukaldeko lurra behera erori zen arte.
Harrezkero, okupazio saio ezberdinak egin izan dira, eta, egungo Tolosak bestelako behar eta ezaugarriak dituela bistakoa den arren (besteak beste, musika taldeentzat udaletxearen entsegu lokalak daude, gizarte laguntzak eta etxebizitza-politika ezberdinak ezarri dira, itxuraz gutxieneko ongizate maila dago herrian), deigarria da, aurten gertatu den moduan, gazte talde bat lokal bat okupatzen saiatzea, gaztetxe edo dena delako bat sortzeko. Deigarri baina ez harrigarri, ordea: finean, gaztea bazara, odola bor-bor eta energiaz gainezka, erosiz gero guzti-guztia salduko dizun gizartearen erdigunetik urrundu eta beste espazioak sortzeko nahia, aniztasunaren ohoretan, ulergarri bezain desiragarri baita.
«Gazteen» kontuak direlako ustetan, arreta handirik ez zaio ematen gaiari eta instituzioek, expeditibo-polizialki erantzun ohi dute, alegia, indarrezko kaleratzea aginduz, batez ere okupatua izan den orubean plan urbanistikoa aurreikusita badago. Halere, ez da «gazteen» kontua soilik, edo, bestela esatearren, okupazio «kulturala»gazteena den heinean gizarte osoarena ere bada. Kultura turismoarekin eta kontsumoarekin nahasten den garaian, zenbakiak eta kantitateak sorkuntza beraren gainetik gailentzen diren honetan, nola ez dira izango beharrezko arnasguneak, jendarte ezberdinak asmatu eta antolaturiko espazioak?
Gainera, eraiki diren erakusleiho kultural-erraldoi horiek, Tabakalera, Alhondegia, Guggenheim eta horrelakoak betetzeko, makina bat sortzaile, hamaika proiektu diferente beharko dira. Eta, azken hamarkadetan, zenbat sortzaile ez ote da trebatu, sortu, piztu edota hazi euskal gaztetxeen amaraunean?
Tira, Bonberenea gaztetxea izan zena musikagune arrakastatsu bihurtu dela ikusita, zergatik beldur izan oraingo okupa tolosarrei, zergatik ez utzi herriaren historian egun dagokien atala okupatzen, polizialki kaleratuak izan direla iragartzen duen albistea berriro irakurri behar izan gabe.