Gabonak, zer ospatzen dugu? Zer ospatu nahi dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Etxebarrieta 2018ko urt. 1a, 17:51

Badugu zer ospatu?

Gaur urtezahar gaua dela eta hutsak egon ohi dira kaleak hamaiketatik hamabiak bitarte. Gizartekideekin gizarteratzeko gogorik ez duenarentzat kaleetaz gozatzeko aukera bikaina izan ohi da ordu tarte hori, are eta gehiago, ia poliziarik ibiltzen ez denez margoketa batzuk egin nahi dituenarentzat ere ez dirudi aukera txarra. Gainera, jerga informalean “kalekumeak” bezala kontsideratzen diren geruza sozialeko kideak soilik dabiltza paseoan, herriko ohiko “etxe gabeak” edo drogarekin zein delinkuentziarekin arazoak dituzten horiek esaterako.

Gaueko hamabiak ,Hasi dira kanpaiak, algarak, oihuak, koheteak zein petardoak. Bat-batean etxean izkutatuta zen jendeak kaleak hartu ditu. Gizarteratzeko gogorik ez zuenari ez zaio gustatu berea zen kalea orain elkarbanatu egin beharra, margoketak egiten ari zenari ordea ederki etorri zaio bera ez izatea kaleetan barrena dabilen bakarra.

Badugu zer ospatu, eta tabenak hamabiak eta laurden jotzerako irekita daude jada, auzoan farlopa pasatzen duen gaztea ere ohiko iskinean kokatuta dago zigarro bat errez, eta bere lan indarraz jabetu den gizonaren neskatxak ere gonbita egin dizu berarekin urtea ondo eta goxo hastea eskainiz. Egia esan, poltsikoan bileteren bat edo beste eduki ezkero desfasatzeko eskaintza ez da falta inon.

Bolboraren usaina nabaria da, kea da nagusi kaleetan, hilabete bukaerara aise iristen diren gazte batzuk ikusten dira kaleetan, Olentzerok ekarritako paga, kimikoki leherrarazten duten gailu piroteknikoetan xahutzen. Duela urte batzuk Euskal Herrian bolbora eta kea langile borrokak sortzen zuen, gaur ordea gure lan-indarraz jabe diren horiek botatzen dituzte balkoitik su artifizialak, beraiek badaukate eta zer ospatu.

Indarra hartu dute “gabonak mierda bat”, “eliza kristauak sustatutako produktu historiko kapitalista bat”, edo “negozio bat besterik ez dira” bezalako tesiek. Gero ordea, zailtasunak dauzkagu hauek errealitatera ekartzeko eta beste gabon mota batzuk irudikatzen hasteko. Pare bat txupito edan ostean argumentu edo ideia hauek indarra galdu ohi dutelako, edo agian nahiago dugu honetaz ahaztu eta tabernako barra gainean dantzan galtzak jeitxita gabiltzala, honetaz ez pentsatu. Hala ere, ospakizunak ospatzeko daukagun moduan sartu gabe, ba ote daukagu zer ospatu? Nire iritziz ezer gutxi...

Langileok merkantzia izaten jarraitzen dugu, hau da gure burua saltzera derrigorturik jarraitzen dugu bizi irauteko oinarrizko elementuak eskuratu nahi baditugu behintzat. Egunak dituen 24 orduetatik ordu bat sozialki beharrezkoa den lana ekoizten dihardugu, 7 ordu burgesitoarentzat gainbolioa ekoizten pasatzen dugu, beste 8 ordu mundu kutxatu honetan gure subsistentzia bermatzeko lan erreproduktiboetara gaude kondenatuak; janari intoxikatua jan, pelikula kaxkarrak ikusi, pornografía matxista kontsumitu, desahogorako kirola konpultsiboki egin, arropak garbitu, umea eskolara eraman, amonaren alzheimer gaixotasunaren ondorioak sufritu, bikote harremanean ditugun arazoei aurre egin, etxea garbitu, txakurra paseatzera atera eta bere kaka jaso, OTA-ko multa pagatu, harreman sexualak izan, lanbideen papeleoak eguneratu… Eta denbora badugu 8h geratzen zaizkigu lo egiteko, naiz eta normalean amets gaizto zein buruhausteen gatik ordu horietako batzuk galdu egiten ditugun.

Nik, antolakuntza eta borrokaren ondorioz eratorritako iraultza sozialen gainean eraiki nahi dut ospakizuna, ez gure bizitza sufritu hau ahazteko tresna bezala. Zuk, zer ospatzen duzu? Zer ospatu nahi duzu?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!