Udal gobernuak 2027rako aurrekontua aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

Amasa-Villabonako Udalak 9.100.709 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, 2026koa baino %5,8 handiagoa.

EH Bildu koalizioaren udal gobernu taldeak osatu du datorren urterako udal aurrekontu proposamena eta azaroaren 25ean izango den Udalbatzaren osoko bilkuran onartzea da helburua. Udal gobernutik adierazi duenez, “honakoak aurrekontu orekatuak, aurrerakoiak, justuak eta herriak dituen erronka eta beharretara ondo egokituak” dira. Aurrekontu proposamena pasa den azaroaren 6an helarazi zitzaien posizioko alderdi politikoen ordezkariei (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta hauek azaroaren 12ra arteko epea izango dute zuzenketak eta proposamenak aurkezteko. Beatriz Unzue alkateak “datozen egunetan oposizioarekin hitz egin, negoziatu, eta aurrekontua hobetuko duten akordioetara heltzeko borondate osoa” duela adierazi du.

AURREKONTU PROPOSAMENAREN AZALPENA
2027. urtean Amasa-Villabonako Udalak 9.100.709 euroko aurrekontua izango du, aurreko ekitaldian baino 496.608 euro gehiago. Udalak inoiz izan duen aurrekonturik handiena izango da eta guztira 1.542,49 euro izango ditu Udalak, herriko biztanle bakoitzeko.  
Aurrekontuaren zatirik handiena gastu arruntak betetzen du (pertsonal gastuak, udal zerbitzuak eta dirulaguntza eta ekarpenak), guztira 8.239.844 euro, aurrekontu osoaren %90,5a. 

Gastu hori horrela banatzen da:

PERTSONAL GASTUA: 3.128.911,53 euro.  
2026ko aurrekontuarekin alderatuta %7,5ean egin du gora (219.507 euro gehiago). Igoera honen arrazoi nagusia datorren urterako aurreikusten den soldaten igoera da. Ez da udal lanpostu berririk sortuko baina aipatu behar da ingurumen teknikariaren lanaldia %80tik %100era igoko dela. 

UDAL ZERBITZUAK: 3.759.202,10 euro.  
Udal zerbitzuen aurrekontuak 161.064,18 euro gehiago izango ditu (%4,5eko igoera). Aurrekontu hau udal sail ezberdinetan banatzen da:

  • Udal gobernu organoak: 153.833,61 euro. -%7,6

Azken urteetako joerari eutsiz, udal gobernuak zuzenean kudeatuko duen aurrekontuak behera egingo du. Kasu honetan zehazki %7,6ko murrizketa izango luke. Besteak beste, protokolo gastuetan eta parte hartze prozesuetako gastuetan egin dira kenketak.

  • Zerbitzu Orokorrak: 461.218,04 euro. +%4,5

Aipagarria da herriko merkataritza sustatzeko Kontsumo bonoen kanpainaren aurrekontua %22,8an igoko dela eta zerbitzu digital berriak ezartzeko partida ekonomiko berri bat sortuko dela. Bestalde, udalak dituen maileguen interesen eta amortizazioen kostuen jaitsiera (36.000 euro gutxiago beharko dira) ere kontuan hartzekoa da. 

  • Gizarte Zerbitzuak: 958.576,56 euro. +%9,8

Sail honetako aurrekontuaren igoera, neurri handi batean etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren kostuen igoerak eragindako da. Izan ere aurreikusten da ezinbesteko zerbitzu publiko honetara bideratzen den aurrekontuak %25,5 egingo duela gora datorren urtean (94.000 euro gehiago). 

  • Udaltzaingoa: 49.100 euro. -%9,4

Udaltzaingoaren aurrekontuaren beherakada, aurten burutu den Amasa-Villabonako Larrialdi Planak azaltzen du. Alegia, aurten egindako gastu hori ezabatu egingo da 2027ko aurrekontutik eta horrek eragin du sailaren aurrekontua jaitsi izana. Aipagarria da lehen aldiz kaleko katu kolonien kudeaketa egiteko partida ekonomiko bat sortuko dela.

  • Euskara: 153.236,69 euro. -%2,5

Euskara sailaren aurrekontua Euskaran Ados! mahai irekian parte hartzen duten euskalgintzako eragile, talde eta norbanakoekin adostutakoa da. Aurrekontuaren jaitsiera, 2027an Korrika ez ospatzeak eta etorri berriak diren ikasleentzako euskara errefortzu saioetara bideratzen den dirua beste era batera kudeatzeak eragin dute. Eskualdeko euskarazko hedabideen dirulaguntzak %5ean igoko dira eta Galtzaundi euskaltzaleen elkarteak jasoko duen dirulaguntzak 9.715 euroko gehikuntza izango du, euskara errefortzu saioak elkarte honek eskainiko dituelako aurrerantzean.

  • Hirigintza eta Zerbitzuak:  973.783,43 euro. +%6,6

Hirigintza sailak izango duen aurrekontuaren igoera (60.360 euro gehiago) azaltzeko, udal gobernuak Etxebizitzaren arazoari eman nahi dion lehentasuna aipatu behar da. Izan ere, Amasa-Villabonako Etxebizitza Plana garatu eta aurrera eramateko ezarriko den 45.000 euroko partida da, sail honetan gehien hazten dena. Era berean aipagarriak dira lorazaintza zerbitzuaren errefortzua (38.500 euroko igoera), komun publikoen mantenurako sortuko den partida berria eta kaleen garbiketa berezietarako partidaren hazkundea (16.000 euro gehiago). Murrizketei dagokionez, herriko argiteria publikorako bideratzen diren diru-partida ezberdinetan lortuko den aurrezpena (ia 20.000 euro gutxiago) eta Kiroldegiko gasa eta argindarraren partidetako murrizketak (70.000 euroko jaitsiera) dira azpimarragarrienak.

  • Kultura:  708.970,92 euro. +%2,7

Kultura saileko hainbat egitasmok aurrekontu igoerak izango dituzte: 2027ko Santio jaiak (%5,6ko igoera), Musika emanaldiak (6.000 euro gehiago), Kultur ekintzak (%3,2), Mural margoketak (%20) etab. Aipatzekoa da 2027an lehen aldiz haur eta gaztetxoentzako Kantari egitasmorako 8.300 euroko diru-partida sortuko dela eta bi urtez behin egiten den Erraldoi konpartsen topaketa ospatuko dela datorren urtean (5.000 euro).

  • Kirolak: 514.899,39 euro. +%33,1

Sail honen aurrekontu igoera handia Olaederra Kiroldegirako Udalak egiten duen ekarpenaren hazkundeak eragindakoa da. Bestalde aipagarriak dira Kirol ekintzetarako aurrekontuaren igoera (7.000 euro gehiago), Danena Txirrindulari taldeko emakumeen atala laguntzeko 5.000 euroko ekarpen berria eta Behar Zana pilota elkartearen urteko dirulaguntzaren igoera (3.000 euro gehiago).

  • Gazteria:  131.937,34 euro. %3,9

Sail honek izango duen aurrekontuaren hazkundea, 2027ko udaleku irekien kostuaren igoerak (4.000 euro gehiago) eta Irrika aisialdi taldearen urteko dirulaguntzaren gehikuntzak (5.000 euro gehiago) eragiten dute. Katea Etxea Gaztelekuko gastuek ordea, 2.000 euroko murrizketa izango dute datorren urtean.

  • Hezkuntza: 263.958,96 euro. +%1,2

Herriko ikastetxeen dirulaguntzak, bai Zubimusu Ikastolarenak eta baita Fleming herri eskolarenak 5.000 euroko igoera izango dute. Zubimusu ikastolaren kasuan, haur zaurgarriek jangelan bazkaldu ondoren ikastolak bermatzen dituen zaintza lanen kostua arintzeko eta Fleming herri eskolari dagokionez First Lego egitasmoan parte hartzeak izango duen kostuaren igoerari aurre egiteko.

  • Ingurumena eta mendiak: 741.418,25 euro. +%2,7

Hiri hondakinen bilketa, kudeaketa eta tratamendu gastuek igoera nabarmena izango dutela aurreikusten da, guztira 20.000 euro inguru gehiago. Bestalde Udalaren energia erabilera eta sorkuntza aztertzeko eta jarraipen zorrotza egiteko, lehen aldiz monitorizazio energetikorako tresna digitala ezarriko da.
 

INBERTSIOAK 2027: 745.864,58 euro.
Inbertsioen atalean, urtero gertatzen den bezala, gehiengo handi bat Hirigintza eta zerbitzuen sailean kokatzen da. Honakoak dira udal gobernu taldeak 2027rako ezarri dituen inbertsioetarako diru-partida aipagarrienak:

  • Arratzaingo eskoletako irisgarritasuna bermatzeko lanak: 100.209€
  • Lurrak erostea eta desjabetzak: 59.000€
  • Hirigintzako proiektuak: 50.000€
  • Espaloiak eta asfaltatze lanak: 50.000€
  • Agaraitz eta Ubegun industriguneetako saneamendua: 48.000€
  • Txermin auzoa biziberritzeko proiektua: 40.000€*
  • Fleming herri eskolako obrak: 40.000€*
  • Etxeondo auzoko urbanizazio lanak: 30.000€*
  • Auzoetako urbanizazioak berritzea: 30.000€
  • Olaederra kiroldegiko erreformak: 30.000€*
  • Bidegorriak: 25.000€
  • Arratzaingo bidean segurtasuna hobetzeko lanak: 20.000€
  • Ibilgailu elektrikoentzat karga-puntu berriak:  18.000€
  • Arratzain futbol zelaiko fokoak aldatzea: 18.000€
  • Energia planeko inbertsioak: 15.000€
  • Amasamendin inbertsioak: 15.000€
  • Klima aldaketaren aurkako planeko ekintzak: 12.000€
  • Bizikletentzako aparkalekuak: 10.000€
  • Txermingo ikastolako eraikina berritzeko proiektua: 10.000€*

* Inbertsio hauetarako ezarrita dagoen diru kopurua ez da nahikoa izango kostu errealari aurre egiteko. Ondorioz, udal gobernu taldeak inbertsio hauek gauzatzeko helburua betetzeko, partida hauei dagokien diru-gehikuntza egiteko konpromisoa hartu du Udalaren diru-gerakina erabilita. Horrekin batera, zerrenda honetako zenbait inbertsiotarako dirulaguntzak eskatuko dira udalaz gaindiko hainbat erakundeetan (Europar Batasuna, Energiaren Euskal Erakundea, Gipuzkoako Foru Aldundia etab.). 

Hainbat inbertsio garrantzitsu aurten abiatu badira ere, 2027.urtean gauzatu eta ordainduko direla aurreikusten da eta horregatik datorren urteko aurrekontuari txertatuko zaizkio. Hauek dira aipagarrienak:

  • Arroa auzoko plazako lurzoruaren konponketa: 481.000€
  • Udaletxeko autobabes planaren aplikazioa: 48.400€
  • Aljiberako inbertsioak: 30.430€
  • Amasamendiko antolaketa plana berritzea: 18.150€
  • SACEM erakinaren sarrera berritzea: 18.000€

 DIRULAGUNTZAK ETA EKARPENAK: 1.345.631,09 euro. +%13,9
2027rako udal dirulaguntzen eta ekarpenen artean, gehienak bere horretan mantentzen dira eta honakoak dira proposatzen diren aldaketarik aipagarrienak:
Elkarte hauek dira 2027. urteko udal dirulaguntzan igoerak izango dituztenak (elkarte hauek dirulaguntza igoera eskaerak egin dituzte, arrazoi ezberdinengatik): Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartea (+9.715€), Irrika aisialdi taldea (+5.000), Fleming Herri Eskola (+5.076,12€), Zubimusu Ikastola (+5.000€), Danena txirrindulari elkartea (+5.000€), Behar Zana pilota elkartea (+3.000€) eta Tolosaldeko Ataria (+1.499,40€).
Udalak beste erakunde batzuei egiten dien ekarpenei dagokionez hauek lirateke nagusienak: Olaederra Kiroldegia (330.000€), Loatzo Musika Mankomunitatea (140.000€), Tolosaldea Garatzen S.A. (70.436€), Merkataritza Bonoen Kanpaina (70.000€) eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak (32.000€).  
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!