Villabonako Kale Berriaren hasierako zonaldean uholde arriskua murrizteko proiektua martxan jarri du Ura Agentziak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2026ko ekainaren 29a

2024ko otsailean irten zen azkenekoz Oria ibaia Villabonako kale Berriko 1 eta 7 zenbakien arteko eremuan eta Udalak neurriak hartzeko eskatu zion Ura Agentziari.

Azken urteetan bi aldiz (2021eko abenduaren 10ean eta 2024ko otsailaren 27an) egin du gainezka Oria ibaiak Villabonako kale Berriaren hasierako zonaldean eta bi kasuetan uholdeek kalte handiak eragin zituzten inguruko etxabeetan eta garajeetan. Dozenaka izan ziren kaltetutako bizilagunak eta egoera horren aurrean Beatriz Unzue alkateak gutun ofiziala bidali zuen EAEko ibaien eta ibai ertzetako eskuduntza duen URA Uraren Euskal Agentziara. Gutun horretan bilera bat egiteko eta kale Berria 1 eta 7 arteko eremuan dagoen uholde arrisku handiari konponbideak bilatzeko eskakizuna egin zuen alkateak.

Amasa-Villabonako Udal ordezkarien eta Ura Agentziako teknikari eta arduradunen arteko bileran (2024ko martxoan) bi erakundeak adostasun batera heldu ziren eta Ura Agentziak eremu horretan uholde arriskua murrizteko lanak bere gain hartzeko konpromisoa hartu zuen, proiektu bat martxan jarriz. 

Bi urtetan proiektu horren berririk izan gabe egon ondoren, pasa den ekainaren 24an elkartu ziren berriz Udala eta Ura Agentzia eta oraingoan badirudi proiektuak aurrera egingo duela. Izan ere, Ura Agentziak Sestra ingeniaritza eta arkitektura enpresa kontratatu du proiektua osatzeko eta dagoeneko hasi dira proiektuaren idazketa lanekin. Helburua aurtengo azaroan proiektua eginda edukitzea eta jarraian obraren esleipena martxan jartzea izango da.

Oria ibaia bere ubidetik ez ateratzeko pareta
Ura Agentziako teknikariek Udal ordezkariei emandako argibideen arabera, proiektu honekin Oria ibaia bere ibilgutik ez irteteko 1,20 metro inguruko altuera eta 100 metro inguruko luzera izango duen horma bat eraikiko da. Horrekin batera inguruko euri-urak jasotzen dituzten hodietan ere aldaketak egin beharko dira, hodi horiek gainezka egin ez dezaten eta ibaiaren ur-maila altua denean ere ura ibaira eraman dezaten, kalean edo errepidean putzu handirik sortu gabe. Errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa denez, Foru Aldundiko bide azpiegituren sailarekin ere elkarlanean eta modu koordinatuan jardun beharko da proiektu honetan.

Udalaren balorazio positiboa
Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak positiboki baloratu du Ura Agentziak proiektu hau egikaritzeko erabakia hartu eta aurrera pausuak eman izana, udaletik hori lortzeko ahalegindu baitira azken bi urteetan. Beraz, eremu horretan (herri osoan altuera baxuena duen puntuan) Oria ibaiak gainezka egin eta uholdeek sortzen dituzten kalteekin behin betirako amaitzeko helburua betetze bidean jarri dela baloratu du alkatetzak. Amaitzeko, Udalak proiektu honen garapenari jarraipen zorrotza egingo diola eta Sestra enpresako, Ura Agentziako eta  Foru Aldundiko teknikariekin elkarlanean aritzeko asmoa dutela adierazi du Beatriz Unzue alkateak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!