7.000 zuhaitz landatu dira Loatzo inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2026ko ekainaren 9a

Loatzo mendiaren magaleko Txokote izeneko parajean, Alustiza baserriaren gainaldean, aspalditik landatuta zegoen pinudiaren mozketa (matarrasa) egin ondoren, azken asteetan landaketa lan garrantzitsuak egin dira.

Guztira 4,27 hektareako azalera batean 7.000 zuhaitz inguru landatu dira, eremua naturalizatu eta bertako espeziekin osatutako baso iraunkor bat birsortzeko helburuarekin.

Horrela, Villabonako onura publikoko mendian Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak  5.500 haritz (Quercus robur) eta 500 urki (Betula alba) landatu ditu. Horiez gain, basoaren aniztasuna eta egitura ekologikoa aberasteko, beste 1.000 ale inguru ere sartu dira espezie laguntzaileen artean: tiloak (Tilia), gereziondoak (Prunus), sorbus generoko zuhaitzak, udareondoak (Pyrus) eta sagarrondoak (Malus), besteak beste.

Bestalde, aurreko pinudiaren matarrasa egindako eremuko gainerako zatietan ez da landaketarik egin. Izan ere, azpibasoa modu naturalean garatzen hasita zegoela ikusita, eremu horiek bere kasa lehengoratzeko gaitasuna zutela baloratu dute teknikariek. 

Egitasmo honekin, bertako baso-espezieen hedapena bultzatzeaz gain, biodibertsitatea indartu nahi da, klima-aldaketari aurre egiteko gero eta garrantzitsuagoak diren helburuak betez.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!