Udalak egoera txarrean zeuden 30 zuhaitz ordezkatuko ditu Villabonako kaleetan

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2026ko urtarrilaren 16a

Landatuko diren zuhaitz berriak batez ere bertako espezieak izango dira; lizarrak, gaztainondoak, haritzak etab. Horrez gain zuhaiska batzuk ere landatuko dira, hala nola erramuak.

Villabonako kaleetan kokatutako hainbat zuhaitz ordezkatzen ari da Udala egunotan. Aurrez, azken hilabeteetan Villabonako herrigune osoan zehar dauden zuhaitzen azterketa sakona egin zen (zuhaitzak banaka ikuskatuz), arrazoi ezberdinengatik egoera txarrean zeuden zuhaitz guztiak identifikatu ahal izateko. Horrela, guztira 30 zuhaitz moztea eta beste horrenbeste zuhaitz berri landatzea erabaki du Udalak.

Kendu diren zuhaitzak egoera fitosanitario txarrean edo gaixorik aurkitzen ziren eta horietako batzuk arriskutsuak izan zitezkeen herritarrentzat, erortzeko arrisku bizian baitzeuden. Lan honekin, Villabonako herriguneko zuhaitzen egoera hobetzea, zuhaitz berri osasuntsuak landatzea eta gerta zitezkeen istripuak saihestea izan da helburua.

Landatuko diren zuhaitz berriak batez ere bertako espezieak izango dira; lizarrak, gaztainondoak, haritzak etab. Horrez gain zuhaiska batzuk ere landatuko dira, hala nola erramuak.

Zuhaitz berriak Grupo Ansareo lorezaintza enpresari erosi dizkio Udalak 13.480 euroko inbertsioa eginez. Mozketa eta landaketa lanak, eta ondoren egin beharreko zuhaitzen mantenua, aldiz, udal lorezaintza-zerbitzua egiten duen Elai Serbitzuak S.L. enpresak burutuko ditu.

Prebentzio jarduera honekin herriko berdeguneen egoera hobetu nahi izan du Udalak, ingurumena zainduz eta herritarrei gune publiko seguruagoak eta atseginagoak eskainiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!