Gráficas Leizaola zenaren pabilioiak eraisten hasi dira

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2025eko abenduaren 11

Udala lanean ari da lurzoru hori urbanizagarri gisa eta etxebizitza erabilerarako izendatu dadin.

Gráficas Leizaola enpresa zaharraren pabiloiak eraisten hasi dira gaur, azken bi hilabetetan bertan zeuden hondakinak behar bezala sailkatu, jaso eta kudeatzeko lanak osatu ondoren.

Udaleko kontratazio mahaiak dagokion esleipen-prozesua burutu ondoren, Construcciones Moyua S.L. enpresa da eraiste lanen hauek gauzatzen ari dena. Udalak, guztira, 109.120,15 euroko inbertsioa egin du udal jabetzako eremu horretan zeuden bi eraikin industrialak desagerrarazi eta orubea etorkizunerako erabilgarri ipintzeko.

Udalak 2020an erosi zuen eraikin horiek kokatzen diren lur-eremua, etorkizunean babestutako etxebizitzak eraikitzeko helburuarekin. Udala lanean ari da lurzoru hori urbanizagarri gisa eta etxebizitza erabilerarako izendatu dadin, baina oraingoz ez da lortu horretarako ezinbestekoa den Ur-Konfederazioaren baimena. Ur-Konfederazioak eremu hori uholde arrisku handiko eremu gisa dauka katalogatua eta Udala gaia lantzen ari da (URA Agentziarekin elkarlanean) arazo horri irtenbide bat eman ahal izateko. Aterabide bat lortu bitartean, eremua hutsik egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!