Amasamendin bi haize sorgailu ezartzeko proiektu baten berri izan du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2025eko martxoaren 13a

Amasa-Villabonako Udalak otsailaren 24an jakin zuen Amasamendin proiektu eoliko bat egon zitekeela. Herriko zinegotzi eta legebiltzarkide den Ander Goikoetxeak egindako legebiltzarreko galdera bati Jaurlaritzak emandako erantzunaren bidez jaso genuen informazio hau.

Martxoaren 3an, Villabonako Udalaren erregistro elektronikoan jaso zen proiektu honen hirigintza bateragarritasunari buruzko txostena egiteko eskaera. Bertan ikusi ahal izan dugu, Clúster Hernani izeneko proiektu zabalago baten barruan kokatzen direla bi haize sorgailuak. 10 MW potentziadun haize sorgailuak dira. Informazio gehiago jasotzeko asmoz proiektu honi buruzko txostenaren eskaera egin zaio Jaurlaritzari. 

Energia politika Estatuaren konpetentzia da. Horren barruan Euskal Autonomia Erkidegoari eta kasu honetan Jaurlaritzari dagokio Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena ebaztea, mota honetako proiektuen aurrean. Villabonako Udalak jarraipena egingo dio proiektu honi ingurumen arloko izapidetze gardena egin dadin eta Amasa-Villabonako herritarren interesak kontuan har daitezen.

PREMIER ESPF IPAZ HAIZEA 2, S.L. enpresa ez da harremanetan jarri Amasa-Villabonako udal ordezkariekin inongo momentutan. Hala ere, Amasa-Villabonako udal ordezkariok saiakera egingo dugu enpresarekin harremanetan jartzeko,  gure herriaren interesak defendatzeko eta ingurumen baldintzen inguruko bermeak eskatzeko. Uste dugu Amasa-Villabonako herriak enpresa proiektu honen inguruko berriak lehen eskutik jaso behar dituela.

Amasa-Villabonako Udalak, klima larrialdiaren aurrean, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten du. Hori dela eta, hainbat proiektu eta ekimen eraman ditu aurrera azken urteetan: eraginkortasun altuko kaleko argiteriaren aldeko apustua, herriko eraikin publikoetan autohornikuntzarako panel fotovoltaikoen instalazioa edo energia berriztagarrien kontratazioa udal kontsumo elektrikoen hornikuntzarako.

Energia berriztagarriak, eta kasu honetan energia eolikoa, klima larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa den energia trantsizioan, giltzarria dira. Horrela adierazi zuen Klima Aldaketaren Nazioarteko Panelak (IPCC), klima larrialdiari aurre egiteko nazioartean sortu den ekimen zientifiko nagusiak. Hau horrela izanik Jaurlaritzak zuzendu eta herritarren parte hartzea oinarri izan behar duen lurralde antolaketa baten beharra dugu, energia berriztagarrien zabalpen orekatu eta ordenatu bat egiteko. Energia berriztagarrien proiektuek lurraldearen energia beharrei erantzuteaz gain herritarren interesak kontuan hartu behar dituzte.

Amasa Villabonako udal gobernutik enpresa proiektu honen garapenaren berri gardentasun osoz emango dugu udaleko kanal ofizialen bidez, informazioa dugun neurrian. Era berean, herritarren interesen defentsa egingo dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!