Kaleak garbitzeko makina berria erosteko eta Graficas Leizaolaren pabiloiak eraisteko pleguak onartu dira

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

Atzo arratsaldean egin zen Tokiko Gobernu Batzordearen bilkuran, kaleak garbitzeko makina berriaren erosketa eta Gráficas Leizaola zenaren pabiloia eraistea kontratatzeko beharrezkoak diren plegu tekniko eta administratiboak onartu ziren aho batez, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin.

Gáficas Leizaola enpresa zenaren pabiloia udalak bereganatu zuen 2020an eta une honetan oso egoera kaskarrean dago. Ondorioz ezinbestekoa da eraikina eraistea eta horretarako eraiste-proiektua onartu ondoren, oraingoan obra gauzatzeko esleipen prozesua abiatu da 133.328 euroko prezioarekin. Kontratua sinatzen denetik, gehienez ere, 4 hilabeteko epean gauzatu beharko dira eraiste lanak.

Bestetik, kaleak garbitzeko makina berria erostea ere ezinbestekoa da garbiketako udal brigadak bere lana behar bezala garatu dezan. Izan ere egungo makina oso zaharkitua dago eta aberia ugari izaten ditu urtean zehar. Horrek makina honen mantenu gastuen igoera handia ekarri du azken urteetan. Makina berri, moderno eta eraginkor bat eskuratzeko Udalak martxan jarri duen lizitazioari dagokionean, guztira 199.650 euroko aurrekontua izango du. Enpresa esleipendunak, kontratua sinatzen denetik, gehienez ere, 6 hilabeteko epean entregatu beharko du makina berria.

Bi lehiaketa publiko hauen iragarpena, baldintza administratibo eta teknikoekin batera, Udaleko webguneko Kontratazio Profilean eta Euskadiko Kontratazio Plataforman argitaratuko dira datozen egunetan.

Bi inbertsio hauek garrantzi handikoak dira Udalarentzat, hasiera batean 2024 urterako baitzeuden aurreikusita. Hauen onarpenak, beraz, agerian uzten du Udalak herriko azpiegitura eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!