8,2 milioiko aurrekontua onartu du Udalbatzak 2025. urterako

Amasa-Villabonako Udalak 8,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2025 urtean, atzo arratsaldean egindako Udalbatzaren osoko bilkuran Udal Gobernuak proposatutako aurrekontua gehiengo osoz onartu ondoren. Erabakia EH Bilduren aldeko 8 botorekin eta EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietako ordezkarien 5 abstentzioekin hartu zen.

2025 urterako Udal aurrekontua, 8.204.488 euro
2025 urteko Udal Aurrekontu osoa 8.204.488 eurokoa izango da, aurtengoarekin alderatuz gero, %4,7 handiagoa, eta kapitulu hauetan banatzen da:

• Pertsonal gastuak: 3.082.228,69 euro
• Gastu arruntak eta udal zerbitzuak: 3.321.285,92 euro
• Dirulaguntzak eta ekarpenak: 1.326.218,55 euro
• Inbertsio errealak: 267.314,84 euro
• Finantza gastuak: 25.240 euro

Pertsonal gastua
Udal langileen gastuari dagokionean, aurtengo aurrekontuarekin alderatuta %8,18ko igoera jasotzen du 2025. urtekoak. Datorren urtean udal langileen soldaten igoera %2,5 izatea aurreikusten bada ere, horri langileen egonkortze prozesu ezberdinek sortutako gastuak, langileen formakuntza eta praktikaldietarako ordaindu beharrekoa, bajak daudenerako badaezpada gorde beharreko dirua etab. gehitu behar da.

Gastu arruntak eta udal zerbitzuak

• Gizarte zerbitzuen sailera 794.684,96 euro bideratuko dira 2025 urtean. 2024 urtearekin alderatuta, %25,55eko igoera izan du sail honek. Etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren aurreikuspen ekonomikoak gorakada nabarmena eragin du, 2024 urtean 210.000 euro izatetik, 2025 urtean 372.628,05 euro izatera igo baita.

• Udaltzaingoaren sailera 49.100 euro bideratuko dira 2025ean, beraz, %53,44ko igoera izango du, 2024 urtearekin alderatuta. Sail honen baitan, etxeko animalien bizikidetza kanpaina berezi bat burutzera bideratuko diren 15.000 euroak aipatu behar dira.

• Euskara sailari dagokionean, 149.719,02 euro izango ditu 2025 urtean. 2024 urtearekin alderatuta %6,24ko igoera izango du. Aipagarria da Euskaraldia kanpaina herrian garatzeko 6.000 euroko partida ekonomikoa ezarri dela.

• Hirigintza eta zerbitzuen sailak 778.691,49 euro kudeatuko ditu 2025ean, beraz, %16,63ko igoera izan du 2024 urtearekin alderatuz gero. Igoera honen arrazoi nagusia da datorren urteko Santio jaietako muntaketa eta garbiketa lanak sail honek bere gain hartuko dituela  (orain arte Kultura sailetik kontratatzen ziren lan hauek).

• Kirola sailak 543.366,92 euro izango ditu datorren urtean, 2024 honetan baino %4,45 gehiago. Batetik, Arratzaingo futbol zelaiaren mantenu lanetara bideratuko diren 7.000 euroak (2024 urtean 3.000 euro izan dira), eta profesionalen pilota jaialdi bat antolatzera bideratuko diren 5.000 euroak nabarmendu behar dira hemen.

• Ingurumena eta mendietarako aurrekontua 683.726,12 eurokoa izango da, 2024koa baino %31,79 gehiago. Datorren urtean Amasamendiko mendi eremuen mantenu lanetara 25.000 euro bideratuko dira (aurten 10.000 euro). Baina, sail honen gorakadaren arrazoi nagusia hondakinen bilketa eta kudeaketa gastuen igoera handia da; 2025ean 492.966 euro bideratu beharko dira helburu honetara, 2024an baino %35 gehiago. Ingurumenaren arloko sentsibilizazio kanpainak egiteko aurrekontuak ere igoera nabarmena izango du, aurtengoarekin alderatuta %50ekoa.

• Udal gobernuak 166.563 euroko aurrekontua izango du, 2024ean baino %2,63 gutxiago.

• Besteak: Zerbitzu orokorrak 429.840,90 euro (+%1,4), Kultura 682.730,92 euro (+%0,47), Gazteria 123.437,34 euro (-%5,5) eta Hezkuntza 260.882,84 euro (+%1,06).

Dirulaguntzak eta Ekarpenak
Dirulaguntza eta ekarpenen kapituluak %5,81eko igoera izango du 2024. urtearekiko. Herriko elkarte eta eragileek 2025ean jasoko dituzten dirulaguntza gehienak bere horretan mantenduko dira. Ondorengoek, ordea, gehikuntza izango dute jasotzen duten Udal dirulaguntzan:

• Oinkari Dantza Taldea: %23,23ko igoera (50. urteurreneko ospakizunak antolatzeko).
• Salbadora Jubilatuen elkartea: %28,89ko igoera.
• Fleming herri eskolako Gurasoen Elkartea: %60ko igoera.
• Triatloi elkartea (BIZI izeneko elkarte berria sortuko da): %40ko igoera.
• Billabona FKE: %26ko igoera.

Dirulaguntza berriak ere izango dira 2025. urtean, adibidez: “Ekinart” elkartearentzat, Erregeen kabalgata antolatzeko Jesusen Bihotza parrokiarentzat, etxebizitza hutsak eraberritzeko dirulaguntza lerro berria eta krisialdi humanitarioetarako dirulaguntza berezia.

Inbertsioak 2025
Udalak 267.314,84 euro bideratuko ditu datorren urtean egin beharreko inbertsioetara. Besteak beste, jarraian aipatutakoak nabarmentzen dira:

• Fleming Herri Eskolako obrak: 70.000 euro
• Olaederra kiroldegiko erreformak: 20.000 euro
• Hirigintzako proiektuak: 20.000 euro
• Arratzaingo bidean segurtasuna hobetzeko lanak: 12.000 euro
• Olaederra kiroldegiko teilatuan eguzki panelak jartzea: 10.500 euro

Dena den, hauek ez dira 2025 urtean gauzatuko diren inbertsio bakarrak izango, izan ere, 2024 urteko aurrekontutik beste hainbat inbertsio txertatuko dira datorren urtera. Besteak beste, ondorengo hauek nabarmentzen dira:

• Liburutegiaren eraberritzea: 799.576,50 euro
• Txermingo aparkalekua eraberritzeko lanak: 200.000 euro
• Ur parkea eta komun publikoa Erreboteko plazan: 144.000 euro
• Graficas Leizaola pabiloia eraistea: 145.000 euro
• Kaleak garbitzeko makina berria erostea: 180.000 euro
• Espaloiak eta asfaltatze lanak: 68.000 euro
• Argiteria publiko berria: 44.946 euro
• Oinezkoen zubiko lurzorua aldatze: 20.000 euro
• Agaraitz auzoan konponketa lanak: 10.000 euro
• Energia plana: inbertsioak: 8.716,75 euro

2025 urteko udal aurrekontuaren behin betiko onarpena gauzatzean (GAOan argitaratzen denean) aurrekontu osoa, partida ekonomiko guztiekin www.villabona.eus webgunean argitaratuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!