El Salvadorreko Jocoaitiqueko herritarrek uraren hornidura eta saneamendua bermatuta dute

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2024ko urriaren 3a

Udalaren eta Euskal Fondoaren artean garatu den urteetako lankidetza emaitza positiboak ematen ari da. Jocoaitiqueko (Morazan iparraldea, El Salvador) komunitatearentzat uraren hornidura eta saneamendua hobetzen dituen ur-tanga edo depositu baten eraikuntza amaitu da hilabete honetan. 

Proiektu hau aurrerapauso garrantzitsua da eskualdeko biztanleen bizi baldintzak hobetzeko, eta nazioarteko lankidetza solidarioaren onurak islatzen ditu. Ur-tanga berri horren eraikuntzari esker 2.000 pertsona baino gehiagoren higiene eta osasun-baldintzak nabarmen hobetuko dira; azpiegitura berri honek sarbide fidagarriagoa eta seguruagoa ematen dio edateko urari, eta horrek bizi kalitate hobea bermatzen die Meanguera, Jocoatique, Torola, Arambala, Villa El Rosario eta San Fernandoko herritarrei.

Amasa-Villabonako Udalak urteak daramatza Euskal Fondoarekin lankidetzan. Erakunde horren bitartez nazioarte mailako hainbat elkartasun proiekturen finantzaketan laguntzen du udalak, senidetuta gauden El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen garapena sustatzeko konpromiso irmoarekin. Komunitate honek sekulako sarraskia eta sufrikarioa pairatu zuen El Salvadorreko gerra zibilean eta 1992. urtetik, ia ezertxo ere ez zuten errefuxiatuen gunea izatetik, bizitzeko beharrezkoak diren zerbitzuak dituen komunitatea izatera pasa dira, besteak beste Aiztondoko udalek egindako ekarpen ekonomikoari esker.

Amasa-Villabonako Udala oso harro dago behar zuen jendeari ur saneamendua eta edateko ura ekarri dien nazioarteko elkartasun proiektu honetan parte hartu izanaz, milaka pertsonaren bizi-baldintzak hobetzen lagundu baitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!