Arroako Fleming Herri Eskolako bi komun berritu ditu udalak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2024ko irailaren 9a

Azken urteetan bezalaxe, aurtengo udan ere Amasa-Villabonako Udalak inbertsio esanguratsuak egin ditu herriko eskola publikoaren azpiegiturak hobetzeko.

Oraingoan Arroa auzoko Fleming Herri Eskolako eraikineko bi komun (haurrek erabiltzen dituzten bi komunak) guztiz eraberritzeko obra egin da eta ikasturte hasierarako amaitzea lortu da.

Komun hauek eraikina egin zenetik ia ukitu gabe zeuden eta ondorioz nahiko egoera kaskarra zuten. Ondorioz, Fleming Herri Eskolako zuzendaritzarekin horrela adostuta, aurtengo udan bi komun horiek guztiz berritzeko urratsa eman du udalak. Igeltseritza, arotzeria, iturgintza eta margotze lanak egin dira eta horrela komunak osorik eraberritu direla esan daiteke.

Lan hauek gauzatzeko, udalak Zumarpe enpresa gipuzkoarra kontratatu du eta guztira 48.028,69 euroko inbertsioa egin du. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!