Kontsumo bonoen kanpaina berri honekin, herritarrek beren erosketak herriko saltokietan egitera bultzatu nahi dira herritarrak herriko merkataritza sektorea biziberritzeko helburuarekin. Izan ere, tokiko saltoki horiek dira gure herriaren oinarri nagusietako bat. Herriko merkatariak dira gure izenez ezagutzen gaituztenak, kalitatezko produktuak eskaintzen dizkigutenak, eta gure herriaren aberastasunari eta aniztasunari ekarpen handia egiten diotenak.
Zoritxarrez azken hilabeteetan hainbat saltoki itxi dira herrian eta joera honek kalte nabarmena egiten diote herriko ekonomiari eta gure kaleetako bizitasunari.
Kanpaina berri honetarako Udalak 57.000 euroko inbertsioa egin du. Horrekin batera, 2024. urterako Udalak Oria merkatarien elkartearekin sinatutako lankidetza hitzarmenak 2.000 euroko gehikuntza jasotzen du elkarteak Bono Kanpaina honek dakartzan kudeaketa gastuei aurre egin diezaion. Bestalde, Udalak beste 9.922 euroko inbertsioa egin du kanpaina honetan erabiliko den plataforma digitala eskuratzeko.
Kanpaina honetan 46 saltokik eman dute izena eta beraz, bezeroek 46 saltoki horietan guztietan izango dute kontsumo bonoen deskontuaz baliatzeko aukera. Denda hauek kontsumo bonoen kartela ipiniko dute bezeroek identifikatu ditzaten.
2024ko Kontsumo Bonoen kanpainaren xehetasunak
Aurtengoan lehen aldiz bonoek 5 euroko balioa izango dute. Modu horretan, 15 eurotik gorako gastua eginez gero, bonoaren deskontua aplikatuko da.
Horrela, guztira 11.400 bono egongo dira erabilgarri, saltoki bakoitzeko 247.
Azken urteetan bezalaxe, bonoen aplikazioarekin kontsumitzaileak %33ko deskontua eskuratu ahal izango du:
- 15 euroko erosketa: 5 euroko bono 1
- 30 euroko erosketa: 5 euroko 2 bono
- 45 euroko erosketa: 5 euroko 3 bono
- 60 euroko erosketa: 5 euroko 4 bono75 euroko erosketa: 5 euroko 5 bono
- 90 euroko erosketa: 5 euroko 6 bono
Erosleek gehienez ere 6 bonoren (30€) deskontuaz baliatu ahal izango dute saltoki bakoitzean.
Bonoen deskontuaz baliatu ahal izateko baldintza bakarra, erosleak 16 urte beteta edukitzea izango da eta ez da kontuan hartuko zein herritakoa den.
Bonoen deskontua erosketa egiteko unean bertan aplikatuko da eta ondorioz bonoak ezingo dira aurrez eskuratu. Alegia, aurtengoan ez da bono fisikorik egongo. Egindako erosketa ordaintzeko unean, dendariak kanpaina honetarako prestatu den tresna digitala erabiliz, egindako gastuari dagokion bono kopuruaren deskontua aplikatuko dio bezeroari.
Informazio hau guztia herritar guztiengana iritsi dadin, kanpaina honen xehetasunak eta bonoak erabili ahal izango diren saltokien zerrenda jasotzen dituen eskuorri informatibo bat argitaratu dugu, eta datozen egunetan herriko etxe guztietara banatuko dugu.
Amaitzeko, Udalak herritarrei dei egin nahi die erosketak herriko saltokietan egin ditzaten, modu horretan Amasa-Villabonaren etorkizunean eta herritarren ongizatean inbertituko dutelako. Gure denda eta saltokietan kontsumitzea ezinbestekoa izango baita herri bizi-bizia izaten jarraitu nahi badugu.