Autobus zerbitzu publikoa Amasara heltzea eskatu du Udalbatzak

Autobus zerbitzu publikoa Amasara heltzea eskatu du Udalbatzak, atzo arratsaldean egin zen Udalbatzaren osoko bilkuran, EH Bilduko Udal Gobernu taldeak aurkeztutako erakunde adierazpena aho batez onartuta.

Amasa-Villabonako Udalbatza osoak, Amasako herri-gunera Lurraldebus autobus zerbitzu publikoa iritsi behar dela aldarrikatu du, eta horretarako beharrezkoak diren urratsak ematea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiko, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa sailari.

Horrela dio adierazpen instituzionalak:

ADIERAZPEN INTITUZIONALA 
AUTOBUS ZERBITZU PUBLIKOA AMASARA HELDU DADILA ESKATZEKO

Amasa-Villabonako Udalak, erakunde publikoa den heinean, garraio publikoaren erabilera sustatzen du herritarren artean. Gaur egun bizi dugun larrialdi klimatikoaren eta deskarbonizaziorako trantsizioaren testuinguruan, garraio pribatuaren erabilera murriztea helburu garrantzitsua da, garraio kolektibo eta publikoaren mesedetan. Horrela, negutegi efektua eragiten duten gasen emisioa murriztuko litzateke, garraioak sortzen duen kutsadura murriztuz eta pertsonen joan-etorriak jasangarriagoak eginez.

Garraio publikoaren erabilera areagotzeko, oso garrantzitsua da garraio publikoaren eskaintza zabaltzea, gero eta herritar gehiagok garraio publikoa erabiltzeko hautua egin dezan. Ondorioz, ezinbestekoa da garraio publikoa lurraldean ondo zabaltzea, ahalik eta bizileku gehienetara iristeko aukera eskainiz. Eskaintzaren zabalpenak, garraio publikoa erabiltzea erosoagoa izatea eragingo du, eta horrek erabileraren hazkundea ekarriko du zalantzarik gabe.

Amasa-Villabona udalerriaren kasuan, ditugun bi herriguneen arteko desoreka nabarmena da; Villabonaren kasuan garraio publikoaren eskaintza nahiko anitz eta zabala da (nahiz eta azken urteetan arazoak ugaritu diren bai Renfe-ren tren zerbitzuan eta baita Tolosa-Donostia autobus zerbitzuan arrazoi ezberdinengatik izandako murrizketak direla eta), Amasan, aldiz, ez dago inolako garraio publikoaren zerbitzurik. Bi herri-guneen arteko desoreka hau Villabona eta Amasaren arteko biztanleria eta tamainaren desberdintasunak azaldu dezake, baina ez da egoerarik egokiena, Amasako biztanleak inolako garraio publikorik gabe uzten baititu.

Amasako herriguneak ezaugarri bereziak ditu. Guztira 340 biztanle bizi dira herrigunean eta bertatik gora kokatzen diren baserrietan. Irisgarritasunaren ikuspegitik egoera edo baldintza desegokiak ditu: bertara heltzen den errepidea estua da eta ez ditu gutxieneko segurtasun baldintzak betetzen oinezkoak bertatik igarotzeko, horrekin batera, Villabona eta Amasa batzen dituzten oinezkoen bideak ez dira irisgarriak, oso aldapatsuak direlako eta mugikortasun arazoak dituzten herritarrek ezin dituztelako erabili.

Era berean, Amasako herrigunean, bertara herritarrak erakartzen dituzten hainbat zerbitzu eta baliabide kokatzen dira: Amasa-Villabonako Hilerria, Amasako udal pilotalekua, Amasako kultur etxea, San Martin eliza, Uxo-Toki elkartea eta Iturri-goxo taberna-jatetxea. Gainera, urtean zehar ehunka pertsona biltzen dituzten ekitaldiak egiten dira Amasan: San Martin jaiak, Txakolin eguna, Loatzo mendira igoera-jaitsiera lasterketa, Amasako Mendi-Duatloia, San Isidro eguneko jaia, urtaro aldaketako kultur ekintzak etab. Guzti honi, azaroaren 1ean ospatzen den santu guztien egunean Amasako hilerria bisitatzen duten herritar kopuru handia batu behar zaio. Aipagarria da egun berezi horretan Amasa-Villabonako Udalak bere baliabideekin autobus zerbitzua ezarri behar izaten duela, egoten den eskariari erantzuteko.

Kontuan izateko beste elementu bat, egunero Amasatik Villabonako ikastetxeetara joaten diren ikasleena da. Amasan eskolarik ez dagoenez, bertako haurrak Villabonara garraiatzen dira eta ikastetxeko ordutegia amaitzean etxera bueltatzen dira. Ikasle guztiek ikastetxetik etxerako joan-etorriak garraio publikoan egiteko eskubidea izan behar lukete, baina Amasan eskubide hori ez da bermatzen.

Aipatutako guztiari, Amasa-Villabonako HAPOan, Amasako herrigunearen hedapen garrantzitsu bat aurreikusten duela gehitu behar zaio. Indarrean dagoen udalerriko plangintza urbanistikoaren arabera, gutxienez 64 etxebizitza berri eraikiko dira datozen urteetan Amasan, eta horrek biztanleriaren hazkunde nabarmena eragingo du. Hazkunde demografiko horrek Amasan garraio publikoak izango duen erabilera biderkatuko du.

Ezaugarri guzti hauek kontuan izanda, Amasako herriguneak garraio publikoaren zerbitzua merezi eta behar duela aldarrikatzea, guztiz zentzuzkoa da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako sailak 2024 urtean Tolosaldea eskualdeko Autobus Zerbitzuaren emakida berritzeko urratsa emango du. Ondorioz, hauxe da unea Amasak behar duen garraio publiko zerbitzua eskatu eta eskuratu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako Udalak ondorengo Adierazpena egiten du:

1. Udalak, Amasako herri-gunera Lurraldebus autobus zerbitzu publikoa iritsi behar dela aldarrikatzen du, eta horretarako beharrezkoak diren urratsak ematea eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiko, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa sailari.

2. Udalak bere esku dagoen guztia egingo du Tolosaldea eskualdeko Autobus Zerbitzuaren emakidaren berritze prozesuan, Amasako herrigunera helduko den autobus zerbitzu berria txertatu dadin.

3. Udalak, adierazten du autobus zerbitzua Amasara heltzeko aukera gisa, honako ibilbideetan txertatu daitekeela Amasako geltokia:

• TO07: TOLOSA-ANOETA-IRURA-VILLABONA-ZIZURKIL-ASTEASU
• TO08: LARRAUL-ASTEASU-ZIZURKIL-VILLABONA-ADUNA
• TO22E: ZIZURKIL-VILLABONA
• TO47G: TOLOSA-ANOETA-IRURA-VILLABONA-ZIZURKIL-ASTEASU

4. Udalaren izenean, Amasa-Villabonako alkateak bilera eskaera ofizial bat egingo die Azahara Dominguez Urtizberea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio diputatuari eta bere taldeari, adierazpen honetan jasotako aldarrikapena zuzenean, aurrez-aurre azaldu eta eskura helarazi ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!