Inbertsio garrantzitsuak finantzatzeko kreditu aldaketa onartu du udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2024ko apirilaren 25a

Atzo arratsaldeko Amasa-Villabonako udalbatzaren osoko bilkuran udal gobernuak proposatutako 1.637.056,28 euroko kreditu aldaketa esanguratsua onartu zen.

2024 urtean zehar udalak hainbat inbertsio handi gauzatzeko edo gutxienez hasteko helburua du, eta horretarako, ezinbestekoa suertatu da inbertsioetara bideratuko den aurtengo aurrekontuaren finantzaketan gehikuntza hau egitea.

Besteak beste, honako inbertsioak burutzeko erabiliko da aurrekontuari erantsi zaizkion 1.637.056,28 euroak:

  • Udal liburutegiaren handitzea eta eraberritze integrala (800.000 euro)
  • Txermingo aparkalekua eraberritzeko obra (200.000 euro)
  • Kale garbiketarako makina berria (173.750 euro)
  • Graficas Leizaolako eraikina eraistea (145.000 euro)
  • Kiroldegiko erreformak (70.000 euro)
  • Kale Berriako obrak (Gipuzkoako Urak) (56.010,72)
  • Argiteria Otelarre, Legarreta, Amasa eta erdialdean (50.000 euro)
  • Kultur etxeko teilatuaren eraberritzea (39.000 euro)
  • Gurea zinemako segurtasun neurriak betetzeko lanak (37.718 euro)
  • Gaztelekuan berogailu sistema berria ezartzea (26.000 euro)
  • Oinezkoen zubiko lurra aldatzea (20.000 euro)
  • Informazio panel digital berria kalean (19.577,56 euro)

Finantziazio hori guztia udalaren diruzaintza gerakinetik aterako da, eta gerakin hori 3,9 milioi eurokoa da une honetan.

Mailegu aldaketa hau EH Bilduko 8 ordezkarien aldeko botoekin eta EAJ-PNV eta PSEren 4 abstentzioekin onartu zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!