Kantu-jira herrikoia, Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria egiteko

Amasa-Villabonako Udalak kantu-jira herrikoia antolatu du abenduaren 24rako.  Hitzordua Arroako plazan izango da, goizeko 11:00etan.

Villabonako Udalak Olentzero eta Mari Domingiri merezitako ongietorria egin nahi die abenduaren 24 goizean. Horretarako, kantu-jira herrikoia antolatu du Amasa-Villabonako kaleak Gabon kantekin eta jai giroz alaitzeko. 
Ospakizun berezi honetarako hitzordua goizeko 11:00etan izango da, Arroa auzoko plazan. Bertatik abiatuta, parte hartzaileek Gabon giroa zabalduko dute ibilbidean zehar: Santiago Egoitza, Malkar plaza, Txistulari plaza eta Erreboteko plaza.

Musika protagonista  
Udalak gabon kanten zerrenda bat osatu du, eta herriko ikastetxeetako ikasleak dagoeneko hasi dituzte entsegu lanak. Dena den, abenduaren 24ko kantu-jira herrikoia Shrabani Aranzabe zuzendariak gidatuko du. Musikari dagokionean, aldiz, Aitor Furundarena akordeoi jolearen esku egongo da. Herriko hainbat musikarik ere bat egingo dute ekimenarekin.

LH eta DBHko ikasleek izena eman beharko dute aurrez
Irrika Aisialdi Elkarteko hezitzaileak arduratuko dira LHko eta DBHko ikasleen parte-hartzea koordinatzeaz. Beraz, ekimen honetan parte hartu nahi duten gaztetxoek izena eman beharko dute aurrez galdetegi hau osatuz. Izena emateko azken eguna abenduaren 22a izango da. HHko ikasleei dagokionean, aldiz, gurasoez lagunduta parte hartu beharko dute. 

Besamotza Konpartsa, kantu-jiran bidelagun
Herriko buruhandi eta ipotxak bidelagun izango dira Olentzero eta Mari Domingiri harrera egiteko ospakizunean, Besamotza konpartsak ere bat egin baitu ekimenarekin, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu kantuan, jai giroan lagunduz.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie Seaska Haurreskola, Zubimusu Ikastola, Fleming Herri Eskola, Irrika Aisialdi Elkartea, Besamotza Konpartsa eta herriko musikariei ekimen honen antolaketa lanetan laguntzeagatik, eta bide batez, ikasle guztiak gonbidatu nahi ditu kantu-jiran parte hartzera eta Amasa-Villabonan Gabon-giro paregabea sortzera. 

Gozatu dezagun elkarrekin Gabonetako magiaz!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!