Udalak argiteria publikoa berritu du Otelarre auzoan

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2023ko azaroaren 28a

Amasa-Villabonako Udalak beste aurrera urrats bat eman du udalerriko Energia Planaren garapenean, Otelarre auzoan (Otsabi eta Arratzain arteko eremuan) 40 argi-puntu berri ezarriz. Izan ere, auzo honetako argiteria publikoa oso zaharkitua zegoen eta argi puntuak kalitate txarra zuten eraginkortasun energetikoari dagokionez. Alegia, energia kontsumo altua eta argi-kalitate baxua zuten.

Aldaketa horrekin Otelarre auzoko argiztapena hobetu da, gune ilunak ezabatuz eta zonaldea seguruagoa bilakatuz. Otelarreko bizilagunek, beraz, hobeto argiztatutako auzoa izango dute aurrerantzean.

Berritze horren beste lorpen esanguratsu bat energia-kontsumoa murriztea da. Argi-puntu berriek LED teknologia erabiltzen dute, eta kontsumo elektriko askoz baxuagoa dute. Horrek, epe ertainean aurrezpen ekonomikoa eragingo dio Udalari. Gainera, karbono-aztarna murrizten dutenez, ingurumena babesten laguntzen dute.

Udalak, guztira, 8.941,90 euro inbertitu ditu LED argi hauek erosteko eta udal-brigadako langileak arduratu dira argi-puntuak ezartzeko instalazio lanak gauzatzeaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!