Herriko eskola publikoaren azpiegiturak hobetzen jarraitzen du udalak

Amasa-Villabonako Udalak, hezkuntza publikoarekin duen konpromisoari eutsiz, Fleming Herri Eskolako eraikinen azpiegiturak hobetzen jarraitzen du. Horrela, azken hilabeteetan, ikasleen oporraldiaz baliatuta, bi hobekuntza-lan burutu ditu herriko bi eskola publikoetan.

Tabike mugikorrak Arroa auzoko Fleming Herri Eskolan
Hezkuntzaren behar aldakorretara egokitzeko, tabike mugikorrak jarri ditu Arroa auzoko Fleming Herri Eskolaren hiru gelatan. Hobekuntza berritzaile horri esker hezitzaileek bi gela batu edo banatzeko aukera izango dute, unean uneko premien arabera.

Irakaskuntzaren kalitaterako inbertsio horrek 30.312 euroko aurrekontua izan du, eta Goiatz S.L. eta Tabiexpert enpresak aritu dira lanean. Udalak Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza 2022 dirulaguntza lerrora aurkeztu zuen proiektu hau, eta inbertsioaren %60ko jasoko du buetan.

Mugikortasun arazoak dituzten ikasleentzako komun egokitua
Otelarre auzoko Herri Eskolan inklusioa eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz, eta mugikortasun arazoak dituzten ikasleengan pentsatuz, eraikinaren behe solairuko komun bat egokitu du udalak.

Horrela, ikasleen aukera-berdintasuna bermatzeko, udalak, 25.663 euroko inbertsioa egin du, eta Zumarpe Kudeaketak S.L. enpresak gauzatu ditu egokitzapen lanak. Dena den, kasu honetan ere bai, Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza 2022 diru laguntza lerroaren bidez, inbertsioaren %60 jasoko du bueltan udalak.

Bi inbertsio hauek argi erakusten dute Amasa-Villabonako Udalak etengabeko ahalegina egiten duela herrian bertan kalitatezko hezkuntza publikoa eskaintzeko. Eskolako azpiegiturak hobetzea ezinbestekoa da egungo eta etorkizuneko belaunaldiei ikaskuntza-giro atsegina bermatu nahi badiegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!