Udalak 565 kg hondakin jaso ditu abuztuan Oria ibaian eta Otsabin

Amasa-Villabonako Udalak udalerriko ibai, erreka eta ingurune naturalak hilero garbitzeko Urzain taldarekin duen lankidetzari esker, abuztu honetan beste tona erditik gora hondakin jaso, sailkatu eta garbiguneetara bideratu dira. Oraingo honetan bi eremutan egin dira garbiketa lanak: Oria ibaiaren ertzean Villabonako erdigunean eta Otsabi auzoan aurkitu den legez kanpoko hondakin pilaketa batean.

Zoritxarrez aipagarria da Santio jaien ondoren, jaien testuinguruan, Oria ibaira nahita botatako hondakin ugari jaso dela. Besteak beste, supermerkatuetako karroak, hesiak, aulkiak, edalontziak edota botilak jaso behar izan dituzte Urzaineko garbitzaileek. Honek argi erakusten digu jaietan jokabide eta portaera kaskarra eta onartezina izan duela zenbait jendek, eta oraindik asko hobetu beharra dagoela. Bereziki salagarria da supermerkatuetako 6 karro zuzenean Oria ibaira bota izana. Guztira 256 kg hondakin atera dira ibai bazterretatik.

Bestalde, Otsabi auzoko mendigune batean, legez kanpoko zabor pilaketa bat agertu da eta udalak garbitu behar izan du. Guztira 300 kilotik gora hondakin bildu dira bertan, mota guztietakoak: gurpilak, metala, arropa, egurrezko altzariak... Hau ere ulertezina, onartezina, salagarria eta lotsagarria iruditzen zaigu. Nola da posible hainbat pertsonak hondakinak botatzeko tokirik egokiena gure mendiak direla erabakitzea? Portaera hau erabat zentzugabea da eta une honetan errudunak identifikatu ahal izatea eta dagozkien zigorrak ezartzea da udalaren helburua.   

Beti bezala, jaso diren hondakin guztiak sailkatu, balorizatu eta Tolosako Mankomunitateko garbigunera eraman dira, birziklatu daitezen.

Azken bi urteetan udalak 10.000 kilotik gora hondakin erretiratu ditu gure erreka, ibai eta mendietatik.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!