Udalak 16.230 euro bideratu ditu El Salvadorren eta Saharar errefuxiatuen kanpalekuetan garapen proiektuak finantzatzera

Udalak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu du Euskal Fondoarekin, Euskal Tokiko Erakunde Kooperatzaileen Elkartearekin. Hitzarmen honen bidez, Udalak guztira 18.000 euro bideratuko ditu elkarte horretara, eta horietatik 16.230 euro El Salvadorren eta Saharar errefuxiatuen kanpalekuetan proiektu bana garatzeko izango dira.

Hitzarmen berri honekin, Udalak iaz diruz lagundu zituen bi proiekturi jarraipena emango die.

Batetik, Suchitotoko (Cuscatlan departamentua, El Salvador) gazte ekintzailetzarako prestakuntza programa babestuko du. Programa honen helburua Suchitotoko gazteen garapen integrala sustatzea da, etengabeko prestakuntza teknikoa eskainiz eta gazte hauen enplegagarritasuna eta ekintzailetza bultzatuz. Onuradunak El Salvadorreko eskualde honetako 1.175 gazte izango dira (% 47 emakumeak eta % 53 gizonak) eta Udalak 8.115,05 euro bideratuko ditu programa hau finantzatzera.

Bestetik, Tindoufeko (Argelia) errefuxiatu sahararren kanpamentuan dauden Gazuani, Auserd eta Mejidi lantegiak babestuko dira, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Garraio eta Energia Ministerioari gas-bonbak banatzeko kamioi berezi bat entregatuko zaio. Ekintza honekin guztira 173.600 errefuxiatu saharar lagunduko dira eta Amasa-Villabonako Udalak 8115,06 euroko ekarpena egingo du.

Amasa-Villabonako Tokiko Gobernu Batzarrean aho batez onartu zen lankidetza-hitzarmen honen bidez, Udalak El Salvador eta Saharako lurraldeekin duen elkartasun-harremanean sakondu nahi du, eta elkartasun-politikekiko eta garapenerako nazioarteko lankidetzarekiko konpromisoari eutsiko dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!