Hasi dira Arroako Fleming Herri Eskolan tabike mugikorrak ezartzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2023ko ekainaren 27a

Fleming Herri Eskolak Arroa auzoan duen eraikinean tabike mugikorrak ezartzeko lanei ekin die udalak aste honetan bertan, haurrak oporrak dituztela baliatuz. Obra hauekin lehen solairuan dauden bi gela batzeko edo banatzeko aukera izango dute hezitzaileek, unean uneko beharrei erantzuteko eta espazioen aprobetxamendua hobetzeko.

Guztira udalak 21.204 euroko inbertsioa egingo du eta lanak gauzatzeko Goiatz enpresa adunarra kontratatu du. Ekintza hau herriko eskola publikoaren azpiegiturak hobetzeko udalak duen 2023ko inbertsio planaren baitan kokatzen da.

Udalak lan hauek egin ahal izateko 12.722,69 euroko diru laguntza lortu du EAEko hezkuntza sailaren Udalaguntza laguntza lerroaren bidez.

Beste hainbat proiektu martxan Arratzaingo eskolan

Amasa-Villabonako Udalak, eskola publikoaren instalakuntzak eta azpiegiturak hobetzen jarraituko du eta datozen hilabeteetan Arratzaingo eskolan gasolioa erabiltzen duten galdarak egokitu edo aldatuko dira aurrerantzean gas naturala erabiltzeko, eraikinaren erdialdeko patioa estaliko duen estalki berri bat eraikiko da eta komun egokitu berri bat jarriko da beheko solairuan. Proiektu hauek ere udalaguntza diru laguntza lerrora aurkeztu zituen Udalak eta egin beharreko inbertsioen kostuaren %60a jasoko du, guztira, 196.215 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!