Udalak 196.215 euroko diru laguntzak lortu ditu Fleming Herri Eskolako azpiegituretan inbertitzeko

Amasa-Villabonako Udalak, eskola publikoaren instalakuntzak eta azpiegiturak hobetzeko eskatutako diru laguntza guztiak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Udalak guztira lau proiektu aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak urtero zabaltzen duen Udalaguntza_2022 diru laguntza lerrora eta proiektu guztietan aurrekontuaren %60ko diru laguntza ematea onartu da, pasa den astean argitaratu zen ebazpen ofizialaren bidez.

Diruz lagunduko diren lau proiektuak

1. Arratzaingo eraikinean galdarak aldatu eta gasa sartzea

Duela pare bat urte, udalak Otelarre auzora Gas hodiak eramateko inbertsioa gauzatu zuen, besteak beste Arratzaingo futbol zelaian eta eskoletan Gasa erabiltzeko urratsa eman ahal izateko. Kontuan izan behar da Arratzaingo hezkuntza eraikinetan oraindik Gasoleoa erabiltzen dela erregai gisa eta aurrerantzean erregai fosil eta kutsakor hori erabiltzeari uztea da helburu nagusia. Horrela, galdarak Gas Naturalaren erabilerarako egokitu beharko dira, batzuk aldatu ere egingo dira eta galdara-gelara gasa eramateko azpiegitura osoa (gehienbat hodi edo tuberia bereziak) ezarri beharko da. Proiektu hau gauzatzen denean, aurrera urrats esanguratsua egingo da eskola publikoetan ere gauzatu behar den energia-trantsizioan.

Proiektu honek guztira 132.023,16 euroko aurrekontua da eta udalak 79.213,90 euroko diru laguntza lortu du.

2. Arratzaingo eskoletako erdialdeko patioa estaltzea

Arratzaingo eraikinak U forma dauka eta iparraldera ematen duen fatxadan barrualdeko patio bat dauka haur parke batekin. Proiektu honen bidez, patio hori estaliko duen estalki berri bat ezarriko da, patioa guztiz estaliz eta euriaz babestuz. Horrela, bertako ikasleek euriaz babestutako beste jolas-eremu berri bat izango dute. 

Proiektu honek 148.135,27 euroko aurrekontua du eta udalak 88.881,16 euroko diru laguntza eskuratu du.

3. Komun egokitu berri bat egitea Arratzaingo eraikineko behe solairuan

Arratzaingo eskoletako sarrera ondoan mugikortasun urriko ikasleentzat erabilgarria izango den komun egokitu berri bat eraikiko da.

Obra honek 25.663,20 euroko aurrekontua du eta udalak 15.397,92 euroko diru laguntza lortu du.

4. Arroako eraikinean gelak elkartzeko tabike mugikorrak ezartzea

Arroako eskolan (Haur Hezkuntza zentroan) bi gela bateratzeko aukera ematen duten eta ireki edo itxi daitezkeen tabike mugikorrak jarriz, gela horiek erabilera desberdinak izan ahalko dituzte. Horrela, gelak bateratu eta handitzeko aukera izango da, edo erdibitu eta txikitzekoa, komeni denean tabike mugikorrak kenduz edo jarriz. Proiektu honekin espazioen aprobetxamendu handiagoa lortuko da eta haur taldeen tamainaren arabera gelak egokitzeko aukera eskainiko diote hezitzaileari. 

Tabike mugikor hauen instalazioa egiteko obrak 21.204,49 euroko aurrekontua du eta udalak 12.722,69 euroko diru laguntza eskuratu du.

Udalak eskola publikoaren azpiegiturak hobetzeko inbertsio-planarekin jarraitzeko konpromisoa

Azken urteetan egin den bezalaxe, behin diru laguntzen ebazpena ezagututa, udal gobernu taldea Fleming Herri Eskolako zuzendaritzarekin bilduko da 2023ko inbertsio-planaren nondik norakoak adosteko; obrak egiteko egutegia, lehentasunen finkapena, datorren urterako inbertsioen aurreikuspenak...

Udal gobernuak legealdi honetan Fleming Herri Eskolaren eraikin eta instalakuntzak hobetzeko egin den lana azpimarratu du, eskolako zuzendaritzarekin izandako elkarlana oso positiboa izan dela baloratu du eta aurrerantzean ere urtez-urteko inbertsio planekin jarraitzeko konpromiso sendoa duela adierazi du.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!