Gizartean eman diren aldaketek, internetek edota teknologia berrien garapenak agerian utzi dute Sebastian Insausti Udal Liburutegiaren eguneratzeko beharra. Izan ere, gaur egun dugun udal liburutegiaren zerbitzuak eta azpiegiturak dagoeneko zaharkituak geratu dira. Gainera, aipagarria da 1988. urteaz geroztik ez dela berrikuntza lanik egin bertan. Beraz, gaur egungo beharretara egokituko den udal liburutegia sortzeko aurreproiektuaren arabera, espazio eraberritu eta dinamikoa izango dugu Amasa-Villabonan.
Espazio berriak liburutegi izaera eta jarduera mantenduko baditu ere, kultura eta teknologiarako sarbidea bermatu nahi die erabiltzaile guztiei. Sorkuntzarako eta parte hartzeko espazio ireki bat izateaz gain, ikasteko eta sormena sustatzeko topagunea izango da, pentsamendu kreatiborako gune berria.
Gaur egun, liburutegiko lokalak 175 m2-ko azalera du, eta hainbat aukera aztertu ondoren, 277 m2-raino handitzea erabaki da. Hau da, 102 m2 erantsiko zaizkio; Erreboteko Plazaren eta Liburutegiaren arteko arkupeen zatia liburutegiaren parte izatera pasako baitira. Horrela, haur txoko dinamiko berri bat sortuko da, Ikasteko gela independente bat gehituko zaio, eta kontsulta, hemeroteka eta prentsa gunea ere barnebilduko ditu liburutegi berriak. Horrela, XXI. mendeko beharrei erantzungo dien udal liburutegi moderno eta erakargarria izango genuke Amasa-Villabonan.
Egitasmo hau aurrera ateratzeko Udalak oraingoz 115.000 euroko diru partida bat ezarri du 2023ko aurrekontuetako inbertsioen atalean. Atzoko Hirigintza Batzordeak onartutako aurreproiektua Nara Studioko Jaione Aranburu Maizkurrena barne-diseinatzaileak egin du, eta pasa den urtean Udalak 7169,25 euro bideratu zituen aurreproiektua osatzeko lan hori kontratatzeko.
Udal liburutegia eraberritzeko lanak gauzatu ahal izateko hurrengo pausua, obraren exekuzio proiektua onartzea izango da eta udal gobernuak zeregin hori martxan jarriko du datozen asteetan. Helburua 2023. urtea amaitu aurretik eraberritze lanak esleitu eta martxan jartzea izango da.