Horrela ez da garraio publikoa sustatzen!

Atzo, igandea, Amasa-Villabonako herritar askok zailtasun handiak izan zituzten Tolosako iñauterietara garraio publikoan joan ahal izateko. Bai autobusak eta baita trenak ere, guztiz beterik iristen ziren gure herriko geltokietara, eta bertan zain zeuden pertsona gehienek ezin izan zuten sartu.

Tolosatik herrira bueltatzeko garaian ere, iluntzean eta gauean, egoera antzekoak errepikatu ziren; tren eta autobus asko jendez gainezka zeuden, zegoen beharrari erantzuteko zerbitzu nahikorik ez zegoelako.

Argi geratu zen autobus zerbitzuetan ezarritako errefortzuak ez zirela inondik inora nahikoak izan, eta tren zerbitzuari dagokionez, ulertezina da egunean zehar Renfeko aldirietako zerbitzuak ez zabaltzea Gipuzkoa osoko horrenbeste jende erakartzen duen Tolosako iñauterietako egunik handienean. Tren batzuk gehiago eta luzeagoak (bagoi gehiagorekin) ezarriz gero, arazoa konpondu zitekeen.

Garraio publikoa erabiltzeko hautua egin zuten Amasa-Villabonako ehunka herritar kaltetuak izan ziren eta denbora eta pazientzia asko behar izan zuten Tolosara iristeko edota bueltatzeko. Jende askok auto pribatua hartu behar izan zuen garraio publikoan zegoen kolapsoagatik.

Nabarmena da horrelako zerbitzu eskasarekin ez dela garraio publikoaren erabilera sustatzen, guztiz kontrakoa baizik.

Garraio publikoko bi zerbitzu hauetan erabakiak har ditzaketen arduradunei, neurriak hartzea eskatzen diegu, atzoko kaosa berriro errepika ez dadin.


Amasa-Villabonako Udal Gobernu Taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!