Gaur, Naziek eragindako Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Egunean, demokraziaren eta askatasunaren alde egiteagatik 1936 eta 1945 urteen artean Nazien kontzentrazio eremuetara preso eraman zituzten herritarrak gogora ekarri nahi izan ditu Amasa-Villabonako udalak. Horrela, Beatriz Unzue alkateak, Amasa-Villabonako udalbatza osoaren izenean, lore eskaintza xumea egin du nazien kontzentrazio esparruetan eraildako Adolfo Lozano eta Alberto Beaufort biktimen jaiotetxeen atarietan dauden oroimen plaketan, kale Nagusia 9an eta 55ean, hain zuzen ere.
Lozano eta Beaufort, ordea, ez ziren nazien atzaparretan eroritako billabonatar bakarrak izan. Juan Peña Villarreal, Martín González, Angel Garcia Etxarren, Hilario Gracia Ilardia, Jose Telletxea Laskurain, Alejo Ramos Arrate eta Jose Ignacio Garmendia Urkola billabonatarrek ere jasan zituzten nazien kontzentrazio-eremuetako basakeriak.
Ezaguna denez, gizateriaren historiaren pasarterik ilunenetako bat da holokaustoa, Naziek (italiar, frantziar eta beste hainbat herrialdeetako faxisten kolaborazioarekin) milioika judu, komunista, errepublikano, homosexual, ezindu fisiko zein psikiko... erail zituzten Europa osoan zehar eraikitako ehunka kontzentrazio esparrutara deportatu ondoren. Kontzentrazio eremu hauetan heriotza zen nagusi; gehiegizko lanagatik, goseagatik, artatu gabeko gaixotasunengatik, fusilatuta edo gas-kameretan itota hiltzen zuten jendea eta ondoren gorpuak labeetan erretzen zituzten. Zalantzarik gabe, historian modu antolatu batean egindako sarraskirik anker eta gupidagabeena izan zen.
Amasa-Villabonako Udalak, gure herriko biktimak oroitzeak eta holokaustoa zer izan zen ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Historia ezagutzen ez bada, berriz errepikatzeko arriskua egon daiteke eta. Zentzu horretan, arduratzekoa da gaur egun Europan eta munduko hainbat lekutan gertatzen ari den intolerantziaren, arrazismoaren edota LGTBIfobiaren igoera, eta alderdi edo mugimendu neofaxista eta ultraeskuindarren indartzea. Gure herriak faxismoa pairatu behar izan zuen 40 urte luzez iraun zuen Francoren diktadurapean eta ez ditugu jasandako giza eskubideen urraketa larriak ahazten. Faxismorik inoiz gehiago ez!