Santio Jai Batzordearen lehen bilera urtarrilaren 24an

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2023ko urtarrilaren 19a

2023ko Santio jaiak antolatzen hasteko helburuarekin, Jai Batzordeak bere lehen bilkura egingo du datorren urtarrilaren 24an, asteartea, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan.

Lehen bilera honen helburu nagusiak jaien egitaraua osatzen hastea, egitarauan txertatu daitezkeen proposamen berriak jasotzea eta gazte eguneko kontzertuetarako musika taldeak aukeratzea izango dira.

Azken puntu honi dagokionez, aipagarria da Onddo Gazte Asanbladak inkesta bat jarri duela martxan, herriko gazteen artean gehien errepikatzen diren musika talde proposamenak jasotzeko. Horrela, gazte asanbladako kideek modu parte hartzailean osatuko dute gazte eguneko kontzertuetarako taldeen proposamen zerrenda.
 
Udalak bilkura honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen die Santio jaietan ekintzak antolatzen dituzten edo antolatu nahi dituzten elkarte, talde, kuadrila edo norbanako guztiei. Guztion artean, elkarlanean, 2023an ere Santio jai herrikoi eta parte hartzaileak osatzera goaz!


  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!