Pasa den azaroaren 21ean bertako langileek greba mugagabeari ekin zioten eta Amasa-Villabonako Udal Gobernuak horren berri izan zuenean, ELA sindikatuarekin harremanetan jartzea erabaki zuen egoeraren berri izateko. Horrela, abenduaren 1ean Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde alkateordea langileekin eta ELA sindikatuko ordezkariarekin bildu ziren udaletxean. Modu horretan, udal gobernuak zuzenean ezagutu ahal izan zituen enpresa honetako langileek dituzten lan baldintzak eta greba mugagabearen bidez plazaratzen ari diren eskaerak.
Udal agintariek egiaztatu zuten enpresa horretan prekarietatea nagusi dela eta esplotazioan lan egiten dutela ere esan daitekeela.
Zeintzuk dira langile hauen lan baldintzak?
- Oinarrizko soldatak ez dira hilean 1.000 eurotara iristen.
- Gehienetan 8 ordu baino gehiago lan egiten dituzte egunean; 9, 10, 11, 12 eta batzuetan ordu gehiago ere bai. Hori bai, fitxatzen duten aplikazioan ezin dute 8 ordu baina gehiago jarri. Errealitatean egiten dituzten lan ordu horiek ez zaizkie ordaintzen.
- Langileen antzinatasuna ez da 6 hilabetera iristen, 3 pertsona izan ezik. Lan kontratuak 6 hilabeteko froga denboraldia dute eta hori betetzear dagoenean kaleratuak izaten dira.
- Astebukaeran ere lan egiten dute eta ostiralean bertan jasotzen dute horren abisua. Hilabeteak dira inongo plusik kobratzen ez dutela lan hori egiteagatik.
- Lanerako materiala edo ekipoak galdu edo eta hautsi egiten bazaizkie nominatik kentzen zaie diru hori. Kasu askotan material horrek kostatzen duenaren hirukoitza kentzen zaie eta deskuidoan galdutako ekipo horiek agertzen badira, soilik %30a bueltatzen zaie.
- Pertsona bat kaleratua izan da. Enpresako emakume bakarra. Enpresako arduradunen errepresalia pertsonal bat izan dela salatzen dute langileek.
- Medikuak baja eman ezkero eta baja horrek hilabeteko edo gehiagoko iraupena badu, bueltakoan langile hori kaleratua izaten da.
- Langileek ez dute PRL-ko kurtsorik jaso. Askotan lan arriskutsuak egin behar dituzte eta adibidez altuera handian egin beharreko lanetan enpresak lan horiek egiteko ezinbestekoak diren segurtasun baldintzak ez ditu bermatzen.
- Enpresa langileen grebarako eskubidea urratzen ari da, martxan dagoen grebaren eragina antzeman ez dadin kanpoko langileak (estatuan zehar dauden beste delegaritza batetakoak) ekarriz bertara lan egitera.
Puntu hauek adibide batzuk baino ez dira, langileek enpresa honetan bizi duten prekarietatea erakusten duten beste hainbat adibide ere aipa daitezke. Aipatutako guztiagatik jo dute grebara langileek. Lan baldintzak arautzen dituen Gipuzkoako legedia bete dadila eta kaleratutako langilea berriro bueltatzea da eskatzen dutena, besterik ez. Baina zoritxarrez enpresa honetako arduradunek ez dute serioski hitz egiteko inolako borondaterik erakutsi.
Amasa-Villabonako Udal Gobernuaren mezua
Amasa-Villabonako udalak elkartasuna adierazi nahi die greba mugagabean dauden Circet Cableven enpresako langileei eta bat egiten du langileek publikoki plazaratu dituzten aldarrikapenekin. Onartezina da gure udalerrian lan egiten duten langile hauek horrelako lan baldintza prekarioak pairatu behar izatea. Itxura guztien arabera hainbat puntutan enpresa honek ez du Gipuzkoako lan-legedia betetzen eta hori ezin da inondik inora gertatu. Beraz, Udalak greban dauden langileen eskariak kontuan hartzea eta benetan negoziatzen hastea eskatzen die enpresako arduradunei, negoziazioa ezinbesteko tresna baita behingoz prekarietatearekin amaitzeko eta langileei dagozkien lan baldintza duinak bermatzeko.
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!
EGIN ATARIKIDE!