2023ko udal aurrekontuak onartu dira adostasun zabalarekin

Atzo arratsaldeko Amasa-Vilabonako udalbatzaren osoko bilkuran, udal gobernuak proposatutako aurrekontuak onartu ziren EH Bildu eta EAJ-PNV alderdien aldeko botoekin eta PSEren aurkakoarekin. Ondorioz, udal aurrekontu hauek babes zabala izan dutela esan daiteke, aldeko 12 bozka eta aurkako bakarra izan baitzituen udalbatzako bozketan.

Aurrekontuaren zifra nagusiak

2023ko udal aurrekontu osoa 7.428.723,45 eurokoa da, Amasa-Villabonako udalak inoiz izan duen aurrekonturik handiena. Aurrekontua modu honetan banatzen da:
  • Pertsonal gastuak: 2.775.952,02 euro
  • Gastu arruntak eta udal zerbitzuak: 2.806.984,93 euro
  • Dirulaguntzak eta ekarpenak: 1.247.454,06 euro
  • Inbertsioak: 388.632,44 euro
  • Finantza gastuak: 209.700 euro
Aldaketa nagusiak eta diru-partida berriak

Pertsonal gastuak %10,17ko igoera izango du 2022koarekin alderatuta. Igoera honek arrazoi ezberdinak ditu, alde batetik 2023an aplikatu beharreko soldata igoera kontuan hartu da eta bestalde, udal gobernuak aldi baterako errefortzurako hainbat kontratazio egitea aurreikusi du (lege teknikaria, gizarte zerbitzuetako teknikaria eta aparejadorea).
 
Udal zerbitzuetan eta gastu arruntean %6,3ko igoera izango da pasa den urtearekin alderatuta. Aipatu behar da KPIaren igoerak eta batez ere argindarraren, gasaren eta oinarrizko lehengaien prezioaren igoera handiek eragin nabarmena izan dutela udalaren gastu arruntaren igoeran.
 
Gastu arrunta sailka:
 
  • Udal Gobernua-Alkatetza gastuak: 160.703 euro. Azken urteetako joerari eutsiz, atal honetan gastu murrizketa esanguratsua izango da, pasa den urtearekin alderatuta %16,9an jaiten baita aurrekontua. Aipagarria da legealdi honetan (2019tik) alkatetza gastuak %42,1an murriztu direla, ordezkari politikoen soldata jaitsierak kontuan hartu gabe
  • Zerbitzu orokorrak: 376.392,18 euro. Atal honek %5,6ko igoera izango du. Igoera hau neurri handi batean udal eraikinen garbiketa lanetarako 2023an martxan jarriko den kontratu berriak izango duen kostuaren igoerak azaltzen du.
  • Gizarte Zerbitzuak: 596.833 euro. Gizarte zerbitzuetako partida ekonomiko ia guztiak bere horretan mantentzen dira. Aipagarria da herriko adinekoentzat ikastaroak antolatzeko 6.000 euroko partida berri bat sortu dela.
  • Udaltzaingoa: 28.000 euro. Sail honek %16ko igoera izan du batez ere galdutako animaliei laguntzeko kontratu berriak dakarren prezio igoeragatik.
  • Euskara: 126.842,16 euro. 2022ko aurrekontua mantendu da eta partida berri bat ezarri da euskara ikasten ari diren herritarrei Tolosaldeko Ataria-ko harpidetzak eskaintzeko.
  • Hirigintza eta zerbitzuak: 605.373,90 euro. Energiaren prezioaren igoera handia orekatu ahal izateko neurriak hartu behar izan dira, adibidez mantenurako gastuak estutuz. Horrela, saileko aurrekontua mantentzea lortu da, soilik %0,35eko igoerarekin.
  • Kultura: 674.494,70 euro. Aurrekontua %12a igo da 2022tik. Igoera hau neurri handi batean Santio jaietako eta ohiko kultur ekintzetarako aurrekontuan egindako igoerek azaltzen dute. Izan ere, kultur arloan ere prezioek gora egin dute nabarmen.
  • Kirolak: 559.611,9 euro. Hau da gastua gehien igoko duen saila (%141,4) baina igoera hau faktore bakar batek azaltzen du: Olaederra Kiroldegiaren defizitaren konpentsaziorako udalak ordaindu beharrekoa biderkatu egin da. Pandemiaren eraginez kiroldegiak bazkide asko galdu zituen, diru-sarrerak nabarmen murriztuz eta aldi berean gastuak asko handitu dira (argindarra, gasa...). Horrek Kiroldegiaren balantze ekonomikoan desoreka handia sortu du eta udala behartuta dago desoreka hori diruz konpentsatzera. 2023an konpentsazio honetarako udalak 350.000 euro bideratu beharko dituela aurreikusten da.
  • Gazteria: 145.806,25 euro. Sail honetako aurrekontuak ere igoera nabarmena izan du, %26koa. Igoera hau batez ere Gaztelekuko kudeaketarako kontratu berriaren garestitzeak sortu du (kontratuaren kostua 55.000 eurotik 66.000 eurora igo da).
  • Hezkuntza: 259.081,90 euro. 2022ko aurrekontuarekin alderatuta %32,27ko igoera izan du. Neurri handi batean Fleming herri eskolako eraikinen garbiketarako kontratuaren garestitzeak eragin du igoera.
  • Ingurumena eta mendiak: 521.300 euro. Aurrekontua ia bere horretan mantentzen da, soilik %1,38ko jaitsiera batekin. Jaitsiera txiki hau hondakin organikoetarako poltsa konpostagarriak erostera bideratzen den diruaren murrizketagatik gertatu da (15.000 eurotik 3.000 eurora jaitsi baita gastu hau).
 
Dirulaguntza eta ekarpenetarako udal aurrekontua %27an igo da 2022tik. Udalak beste eragile publiko batzuei egin beharreko ekarpenek igoerak izan dituzte eta udalak herriko elkarteei bideratzen dien diru laguntzetan ere igoera apagarriak daude: Oinkari dantza taldea %10, Harituz bertso elkartea %12,5, Zunbeltz elkartea %52,38, Uxo toki elkarea %170,6 (50. urteurrenagatik), Behar Zana pilota elkartea %18,75, Begiraleen ikastaroetako dirulaguntzak %25 etab. Bestalde, dirulagunza berri batzuk ere jasotze dira aurrekontuan: Aiztondo Neskide kirol kluba 8.000 euro, Oria ibaia Nordc Walking 1.800€ eta Irrika aisialdi elkartea 9.000 euro.
 
 
2023rako inbertsioak: 388.632,44 euro.
Aipatu ditugun pertsonal gastuaren, gastu arrunten eta dirulaguntzen igoerek, 2023an udalak inbertsioetara bideratzeko izango duen aurrekontuaren jaitsiera nabarmena eragin dute. 2022ko inbertsioetako aurrekontuarekin alderatuta, %46ko jaitsiera izango da.
 
Hau kontuan hartuta, udal gobernuak 2023. urtean inbertsioetara bideratuko den dirua handitu ahal izateko, udal gerakineko funtsa (udalak bankuan duen dirua) erabiltzea proposatu du, funts horretako diruarekin inbertsioetarako hasierako partida ekonomikoak nabarmen handituko direla adieraziz.
 
2023. urterako inbertsio aipagarrienak:
  • Udal Liburutegiaren handitzea eta eraberritze integrala: 120.000 euro
  • Txermingo parking handiaren eraberritzea: 115.000 euro
  • Txermin auzoaren berrurbanizazio planeko obrak: 25.000 euro
  • Irisgarritasuna hobetzeko lanak: 10.000 euro
  • Udal artxiboan fototeka digitala sortzea: 7.500 euro
  • Amasako hilerrian konponketak: 17.000 euro
  • Oria ibaiko oinezkoen zubiko lurra berritzea: 10.000 euro (Zizurkilgo udalarekin batera)
Beste inbertsioak:
  • Fleming herri eskolako azpiegituretarako inbertsioak
  • Energia planeko inbertsioak (argien aldaketak, eguzki plakak...)
  • Olaederra kiroldegiko erreformak
  • Kaleen garbiketarako barredora elektrikoa erostea
  • Udal brigadarako kotxe elektrikoa
  • Haur parkeak berritzeko inbertsioak
  • Espaloien konponketak
  • Asfaltatze lanak
  • Graficas Leizaola-ko pabilioi zaharrak eraistea
  • Kultur etxeko teilatua eraberritzea
  • Etxeondo auzoan berrurbanizazio lanak
  • Kultur lokaletarako materiala erostea
  • Aljiberako inbertsioak
  • Kale Berrian euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak
  • Gurea zineko konponketak
  • Hiri altzariak erostea (bankuak, zabor ontziak, seinaleak...)
  • Udaletxeko konponketa lanak
  • Udal liburutegirako liburu berriak
  • Amasako pilotalekurako markagailu berria
  • Hirigintza sailerako proiektuen erredakzioa
  • Segurtasun sokak jartzea Villabonako udal pilotalekuko teilatuan
  • Informatika inbertsioak (ordenagailuak, inpresorak eta material informatikoa erostea)
  • Etxeondo auzorako kuadro elektriko berria
Azpimarratu behar da, udalak datozen hilabeteetan gauzatuko dituen hainbat inbertsioetako finantziazioa 2022ko aurrekontuetatik irtengo dela. Alegia, inbertsio hauek dagoeneko dirua lotuta dute, eta horregatik ez dira 2023ko aurrekontuan agertzen. Inbertsio hauen artean daude besteak beste, Kiroldegiko teilatua eraberritzea eta kirol kantxako lurzoru berria, Larreako parke estalia, Komun publikoak jartzea, ur parkea sortzea Erreboteko plazan, Otsabiko Pump Track zirkuitua asfaltatzea eta kalistenia parkea.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!